Analisia. Iñaki Petxarroman: Zirkulua ixten hasi da

inaki petxarroman
2013ko uztailaren 12a
17:18
Entzun

Hauteskunde kanpainan agindutakoa bete du Bilduren gobernuak, Zubietako errauste planta egiteko agindua bertan behera utzita. Nabarmendu behar da hori, agindutako hitza betetzea agintari baten kasuan aitortu eta eskertu behar den jarrera politikoa baita.

Ez du bide erraza eduki. Gipuzkoako hondakinen plan nagusia onartu eta errauste plantak egiteko urratsak egiten hasi zirenetik, indar handiak eta oso sendoak egon dira errauste plantaren alde. Alabaina, azken hamar urteek erakutsi dute Gipuzkoan ez dela alkate bakar bat errauste planta bere herrian hartzeko prest egon dena. Auzokoarentzat arazo gutxiagorekin goretsi da azpiegituraren onura, eta, jakina, jarrera horrek, etikaren ikuspegitik, helduleku zaila dauka.

Hasieratik, enpresa lobby indartsu batek —unean uneko agintari politikoekin batera— errauste planta egiteko apustua egin zuen. Eta, horretarako, makinaria politiko, juridiko eta ekonomiko guztia jarri zuen martxan, ustezko adostasun politikoa aldarrikatuz. Alabaina, begi bistakoa zen errealitate baten ukazioan oinarritzen zela planteamendu hori: ezker abertzalearen legez kanporatzea eta baztertze instituzionala. Bilduk 2011n hauteskundeak irabazi izanak agerian utzi zuen ustezko adostasun politikoaren planteamenduaren funts eskasia.

Ordurako obrak martxan ziren. Baina erraza zen haiek gelditu eta agintari berrien asmoen zain egotea. EAJk eta PSE-EEk, zuhurtziazko jarrera hori hautatu beharrean, proiektua itzulezin bihurtzea erabaki zuten, hain justu Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren zuzendaritza Bilduk hartu bezperan. Errauste planta egiteko enpresekiko kontratuak indarrean jarri zituzten bilera hartan, eta horrek dakar orain kalte-ordainei aurre egin beharra. Beraz, kalte-ordainei aurre egin beharra ez da bakarrik Bilduren erantzukizuna, egintza burutuen politika azkeneraino eraman nahi izan duten alderdiena ere bada.

Zer gertatuko da orain? Hasteko, errauste plantaren proiektua iraganeko zerbait izaten hasiko da. Hurrengo hauteskundeetan EAJk eta PSE-EEk diputazioa eta hondakinen partzuergoa zuzentzeko aukera izango balute ere, oso egoera ezberdinari aurre egin beharko diote. 

Egitekotan, beste proiektu bat egin beharko dute, tramitazio guztia hasieratik abiatuta. Gainera, birziklatzearen aldeko adostasun soziala indartzen ari da Gipuzkoan, eta hori errauste plantak behar duenaren aurkakoa da. Birziklatzearen bidean egiten ari diren aurrerapausoak desegiten saiatzea —errauste plantak hori behar luke— zaila luke edonork.

Horrekin batera, kontuan eduki behar da Gipuzkoak gero eta zabor gutxiago sortzen duela. 2012an, 206.000 tona zabor heldu ziren zabortegietara —Zubietako errauste planta 260.000 tona jasotzeko eraiki nahi zuten—. Aurten, salto handia egiten ari da hondakinen gaikako bilketan, eta salto handiagoa egingo da hurrengo urtean, baldin eta benetan Tolosa, Zarautz, Arrasate, Azpeiti eta beste zenbait herri handitan agindutakoa betetzen badute, alegia, %70 birziklatzea. 2016an Gipuzkoak hondakinen %60 birziklatuz gero —antzeko helburua, %57 birziklatzea zehazki, ezarri zuten EAJk, H1ek eta PSE-EEk 2008ko hondakinen plan berrituan—, 80.000 tona errefus geratuko lirateke birziklatu gabe. Kopuru horrekin oso zaila da inork errauste planta baten alde apustu egitea.

Gainera, kontuan eduki behar da Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hondakinen kudeaketa aintzat hartuko lukeen plan bat diseinatuko duela laster, Ana Oregi Ingurumen sailburuak esan duenez. Bizkaiko Ingurumen diputatu Iosu Madariagak BERRIAri esan zion EAEk nahikoa lukeela errauste planta bakarrarekin, beharbada ohartu direlako gero eta zailtasun gehiago dituztela Zabalgarbiren labeak soilik Bizkaiko zaborrarekin betetzeko.

Horri gehitu behar zaio Europak 2020rako debekatu nahi duela errauste plantetara birzikla daitezkeen hondakinak eramatea. Zubietara eraman nahi zituztenen %95 birziklagarriak dira.

Zubietako errauste plantarenak egin duen edo ez geroak esango du. Baina, gaur egun, galtzeko aukera handia duen apustu bat litzateke haren alde egitea, besteak beste, 500 milioi euroko gastua handiegia delako. 

Errauste planta lurperatuz gero, bide bakarra izango du Gipuzkoak: ahalik eta gehien birziklatu, eta birziklatzen ez dena ahalik eta hoberen tratatu, ingurumen kaltea gutxitzeko. Norabide horretan, malgutasunez eta patxadaz jokatuta, guztiek dute zereginik. Hala bada, hamar urte dirauen liskar honetatik adostasunezko etorkizun batera egin dezake jauzi Gipuzkoak, Europan zero zabor bidea hautatu duten tokien artean beste erreferente bat izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.