Berriro ere zerga sistema protagonista Eusko Legebiltzarrean. Zerga arauak onartzeko eskumenik ez duen ganbera izanik, azken urteotan behin eta berriro errepikatu den eztabaida. Azken aldiz, joan den urteko maiatzean, gaurkoa bezalako osoko bilkura monografiko baten bidez. Orduan ikusitakoen eta gaur goizean entzundakoen artean, ezberdintasun gutxi. Jarrera politiko ia mimetikoak alderdien argudioetan, honezkero iragarrita zegoen erreforma baterako borondate argiago bat kenduta, akaso.
Batek pentsa lezake zerga politikari buruzko eztabaida batean alor teknikoak tarte luzea hartuko zuela. Alegia, tasa zehatzak, kenkariak edo zergapetu beharreko atalek garrantzia hartzea. Goizeko saioan, ordea, ideia orokorrak nagusitu dira. PSEren ekimena izan zen saioa eskatzea, eta Patxi Lopez lehendakari ohiak ireki du. EAJri zerga erreforma atzeratu izana aurpegiratu dio Lopezek. Aurreratu du, gainera, zerga arauak harmonizatzeko lege proposamena eramango dutela ganberara.
Lehena izateak zentralitate moduko bat bermatu dio Lopezi gainerako alderdien hitzaldietan. PPkoan, esaterako, sozialistak izan dira hizpide bakarra. Ordu erdiko mintzaldia Lopezen aurka gogor aritzeko baliatu du Anton Danboreneak oso-osorik, eta eztabaida “ezdeusa” bilatzea egotzi dio. EH Bilduren izenean, Leire Pinedo legebiltzarkideak Gipuzkoako aldundiak egin dituen moldaketei heldu die, eta gainerako herrialdeetara eramateko borondatea agertu du. Azkenik, EAJren izenean Josune Gorospek egungo zerga ereduaren antolakuntza defendatu du, aldaketa batzuk egitea beharrezkoa dela onartu arren. Gobernuaren izenean, nolako erreforma nahiko luketen esateari ihes egin dio Rikardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburuak.
Beste hitzorduen ikusmina piztu ez duen saioa izan da. Legebiltzarreko harmailetan izan dira Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun ahalduna. Eguerdiko etenaldian legebiltzar taldeek ebazpen proposamenak aurkeztuko dituzte, arratsaldean bozkatuko direnak. Ebazpen horietan zer onartzen den baino gehiago, nolako adostasunak mamitzen diren ikustea izango da interesgarriena, alderdi guztiek beharrezkotzat jo duten zerga erreformari buruzko negoziazioa hastear dagoenean.