Analisia. Martxelo Otamendi: Eta Francoren fundazioa?

2015eko abuztuaren 21a
15:24
Entzun

Oso aktibo dabil EAEko fiskalburu Juan Kalparsoro; hainbeste, lana hartu du abuztu erdialdean Ibarrako udaletxera deitu eta aholkua emateko ez dezaten festa hasierako txupinazoa bota; ez, behintzat, 2008tik aurreikusita zegoenez, errepresaliatuen senide eta lagunek.

Ohartaraztekoa da Ibarrako Udalak “errepresaliatuak” terminoa erabili duela, ez “euskal preso politikoak” edo “ETAko presoak”, eta ez duela zehaztu noizko errepresaliatuak diren. Alegia, Kalparsoro fiskalak ez duela ñarbarduretan sartu nahi izan: Urkijok mahaian jarri dion platera irentsi du, osagaiak zeintzuk ziren bi aldiz pentsatzen jarri gabe. Ulertzekoa da Urkijok sartu nahi ez izatea zehaztasun horretan, alde bateko interesak defenditzen ari delako, ezaguna egin duen jarrera erasokorrarekin; baina non dago Kalparsoro fiskalaren zehaztasuna, hari finarekin josteko beharra, edozein fiskali exijitu behar zaiona, “ETAko presoak” eta “errepresaliatuak” bereizteko?

Kalparoso fiskala ez da oso fin ibili, eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegia finegi ibili da. Kautelazko neurri bat hartu dute urgentziaz: txupinazoa debekatzea, delitua egin zitekeelakoan. "Justizia profetikoa" deitu zion behin horri euskal abokatu batek. Baina Gipuzkoako Probintzia Auzitegia ez da jabetu Ibarran gaur egin behar zuten ekitaldia txupinazo bat zela, ez herriari su emateko bilkura bat. Bigarren hori izan balitz, logikoa zatekeen debekua. Zer delitu klase eragotzi nahi zuen auzitegiak? Asko jota, hitzezko delitu bat. Eta txupinazoa botatzeko orduan deliturik egin ez balute? Ez al zatekeen justuago izango txupinazoa botatzen uztea, eta, ondoren, (asko jota, hitzezko) deliturik egon dela uste bada, ikerketa zabaltzea egileen aurka? Ez, debekatu egin dute Uliako Maritxuren ikasleek.

Errepresaliatuekin ari garenez, komeniko litzaioke Kalparsoro fiskalari jakitea badagoela Espainian, Fundacion Nacional Francisco Franco deritzan fundazio bat Franco loriatzeko sortua, bere webgunean (http://www.fnff.es) egun batean bai, eta bestean ere bai, Franco diktadorearekin apologia egiten duena. Inork ez du ez itxi, ez debekatu, ez edukiak aldarazi. Legezkoa da guztiz.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa direnez Kalparsororen ardurako herrialdeak, noiz hasiko ditu diligentziak, gutxienez, hiru herrialde horietan Francoren eta frankismoaren apologia egiten duen fundazioa hori debeka dezaten eta webgunea itzal dezaten? Ez al da Kalpasoro fiskala kezkatzen fundazio horrek eta webguneak egiten duten apologiaz? Hori ez al da frankismoaren biktimak iraintzea? Fiskalak bere kabuz has litzake ikerketak fundazio hori debeka dezaten, (sekula iritsiko ez zaion) Urkijoren eskaeraren zain egon gabe.

Piperrak eta tomateak jateko garaia da orain Ibarran, jakina denez. Doala Kalparsoro egunotan Ibarrara, eta, piperrak eta tomateak jan bitartean, ez zaio faltako Ibarran frankismoak eragindako biktimen berri nork eman. Gogorra da EAEko fiskalburuari frankismoa zer izan zen azaldu behar izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.