Analisia. Martxelo Otamendi: Teloia zabaldu digute

martxelo otamendi
2015eko uztailaren 5a
23:16
Entzun

Gorriak ikustera kondenatuta daude greziarrak Euroko buruzagi bihotz gabe horiekin, baina erreferendumaren emaitzak duitasuna itzuli die greziar askori.

Greziako gobernuak bi garaipen kateatu ditu oso denbora gutxian: erreferenduma deitzea, lehena; eta nahiko alderarekin irabaztea bigarrena.

Ausardia behar delako Europan agintzen duten erraldoi horien sudurraren aurrean errerenduma deitzeko. Atrebentzia handia eta lotsagabekeria dosi asko, bietatik behar da. Ustekabean harrapatu zituen harrapakariak galdeketaren erabaki azkarrak (fite eta trebea), inoiz ikusi ez ditugun urduritasun egoeran jartzeraino . "Nor da gobernu txatu hori gure proposamen bat ezbaian jarri eta herritarren esku jartzeko?", publikoki esatea bakarrik falta izan zaie. Zer ez zuten esango greziarrik gabeko bileretan.

Erreferenduma egin, eta irabazi. Eta alde handiarekin, justu deitzaileak nahi zuen emaitzarekin, %60ren inguruarekin. Emaitza hori nahi zuen Tsiprasek, Bruselara eramango duen hurrengo hegazkinak bidean turbulentzia gutxiago jasateko. Baina zer pista mota jarriko diote Bruselako aireportuan Greziako lehen ministroaren hegazkinari lur hartu beharko duenean? Lainotsua da Bruselako ortzea, ia urte osoan, baina pilotoak oso trebatuta daude laino artean jaisten. Arazoa pistako ardurdunena da. Emaitza pistako arduradunen gustuko ez izanda ere, zer jarrera hartuko dute? Lagundu egingo diote suhiltzaileen aparraren bidez leunki lur hartzen, edo izotz plakak jarriko dizkiote pistan hegazkinari?

Bruselak eta Berlinek galdu egin dute erreferenduma, nabarmen, eta hanka sartze itzela egingo lukete mendeku jarrera hartuko balute Greziako buruzagiekiko negoziazio itzuli berrian. Atenasek beti eduki du arazoa, baina Bruselak ez dauka gaurdanik txikiagoa. Lotsagabetu egin zaio herri txiki bat, buruzagi txiki batzuen eskutik. Ez Hollanderen Frantzia, eta Italiako Renzi; ez, Grezia pobreko Tsipras ezgauza.

Europako agintari ekonomikoek ezarritako neurriak bete beharrekoak ziren, naturaren legeak balira bezala, txintik atera gabe; alegia, herritarrei irentsarazita. Greziaren garaipenak ez du, ezin du inolaz ere, bermatu agintari ekonomiko horiek jarrera erabat aldatuko dutenik; baina arnasa emango die oinarrizko europar askori neurri inhumano horiei aurre egiteko orduan.

"Greziarrek egin bazuten, guk zergatik ez?", esaldi itxaropentsua entzungo dugu aurrerantzean beste balore batzuen gainean eraikitako Europa nahi duten herritar askoren ahotan.

Itxaropenaren eta duintasunaren teloia zabaldu dute greziarrek, eta gonbitea egin digute haiekin batera lan berri bateko aktore izan gaitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.