Duela bost urte baino garestiago izango dira Europako Parlamentuko eserlekuak datorren ekainean, Europako Batasunaren zabalkuntzaren ondorioz Estatu bakoitzari diputatu gutxiago egokituko baitzaizkio. Nizako Hitzarmenean egindako behin-behineko banaketaren arabera, Espainiako hautes-barrutian, esate batera, 54 eurodiputatu baino ez dira aukeratuko, duela bost urte baino hamar gutxiago.
Euskal Herriko alderdi abertzaleek, duela bost urteko moldean aurkeztu eta boto kopuru bera jasoko balute, hiru eurodiputatu lortu beharrean bakarra lortuko lukete oraingo banaketarekin. Izan ere, EAJk eta EAk ERCrekin eta Unio Mallorquirekin osatutako koalizioak bi ordezkari lortu zituen, 614.000 botorekin Josu Ortuondo zerrendaburu jeltzalea legealdi osorako, eta EAko Gorka Knörr eta ERCko Miquel Mayol bakoitza legealdi erdirako,eta Euskal Herritarrok hautagaitzak eserleku bat, Koldo Gorostiagarentzat, 307.000 botorekin. Ekainean aukeratuko diren eurodiputatu kopuruarekin, emaitza horiek Ortuondori baino ez liokete emango diputatu akta.Baina aldaketak ez dira diputatu kopuruan bakarrik izango. EAJk dagoeneko adierazia du CiUrekin eta BNGrekin batera aurkezteko borondatea. Duela bost urte, 938.000 boto lortu zituen CiUk (hiru diputatu) eta 349.000 BNGk (diputatu bat). Murrizketarekin, hirurak batera aurkeztuta ere zaila lukete gaur egun alderdi bakoitzak duen ordezkaritzari eusten (bost diputatu guztira).EAJrik gabe ere, ERCren eta EAren arteko koalizioak ordezkaritza lortzeko aukera izango du, Kataluniako alderdi errepublikanoaren indartzearen eraginez. Duela bost urte 200.000 bototik behera jaso zituen nazionalisten koalizioak Katalunian, baina Espainiako hauteskundeetan 600.000 bototik gora lortu ditu ERCk. Kopuru horiekin, eurodiputatu bat ziurtatua luke ERCko zerrendaburuak, eta bigarrenerako aukera lukete.Euskal Herritarrok hautes-elkargoak ez du aurkezterik izango, baina ezker abertzale legez kanporatua era batera edo bestera aurkeztuko balitz, duela bost urteko boz kopuruarekin ere eserlekurik gabe geldituko litzateke, aukeratu beharreko diputatu kopuruaren murrizketa dela eta.Aralarren proposamenak aurrera egingo balu eta Euskal Herriko alderdi abertzaleak elkarrrekin aurkeztu, ordezkari bat ziurtatu eta beste bat izateko aukera izango luke hautagaitzak, duela bost urteko emaitzen arabera.1999ko hauteskundeetan Frantziako hautes-barrutian abertzaleek ez zuten hautagaitzarik aurkeztu. Ipar Euskal Herriko bozetan, PSren zerrenda nagusitu zen, botoen % 20rekin, eskuina zatituta aurkeztu zelako.
EUROPAKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK
Banatzeko gutxiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu