Barbara Scandroglio. Psikologia doktorea

«Banda latinoek gizartearen onarpena nahi dute, beste edozein gaztek bezala»

Arnaitz Lasarte.
Donostia
2012ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Banda latinoei buruzko mito eta topikoak hautsi nahi ditu Barbara Scandroglio Psikologia doktoreak. Hamabi urte pasatu zituen haiei buruz ikertzen, «bulegoan». Eta gero kalera irten zen. Bi urtez lan egin du Madrilgo talde latino handienetako batekin. Haien inguruko bortizkeria irudia kolokan jarri nahi du: eragiten duten indarkeriaren %90 talde horien artekoa den arren, herritarren artean izua hedatu dela azaldu du. Ondorioa: «Herritarrei ez zaie inporta zer gertatzen zaien bandei». Gehienak bertan jaiotakoak direla ere nabarmendu zuen atzo, SOS Arrazakeriaren topaketa batean.

Zein gazte sartzen da talde latino batean?

Ez dira asko bereizten beste gazteengandik. Gizartetik kanpo sentitzen diren gazteak dira, haien inguruan ikusezin sentitzen direnak. Norbait izateko aukerarik ez dute ikusten. Hainbat faktorerengatik gertatzen zaie hori, baina uste okerrak ditugu: familia bat dute, ez dira eskola porrotaren ondorio, ez dira delinkuentzia inguru batean hazi. Familian, seguruenik, oreka falta izan zaie kontrolaren eta afektuaren artean. Agian, eskolan ez dute lekua aurkitzen. Baina eskola atarian norbait direla sentitzen dute; talde bat dute, taldean onartuak dira.

Taldeak zer eskaintzen die, bada?

Taldeak asko ematen die gazteei. Familian edo eskolan ez dituen ihesbideak topatzen ditu taldean. Errespetatu egiten dute, eta, garrantzitsuena: norbaitek onartzen dituela sentitzen dute. Nerabe batentzat ezinbestekoa da beren inguruan onartuak izatea.

Hain desberdinak al dira talde latinoetako gazteen eta gainontzeko gazteen helburuak?

Ez. Helburu berdinak dituztela esango nuke. Gure gizartearen balio konformistak partekatzen dituzte: lan bat nahi dute, familia, etxebizitza... Ez dute kontrako kultura bat. Zenbaitetan, muturrera eramaten dituzte hainbat balio: esaterako, ohorea eta errespetua; baina, azkenean, helburu berdinak dituzte. Banda latino gehienak adin nagusiko gazteek sortuak dira, bakoitzak bere proiektua du, baina ez dute proiektu horiek gauzatzeko aukerarik aurkitu. Hasierako helburua ez zen talde bat sortzea, baina ez zaie beste aukerarik gelditu. Ez daude gustura familian, hezkuntzan baztertu dituzte, eta kalean beste zerbait topatu dute: antzeko errealitatea duten nerabeak.

Talde latinoakbiolentziarekin lotzeko joera dago, baina zergatik?

Batzuei beti komeni zaielako alarma sozial bat egotea, dela muturreko taldeekin, dela immigranteekin... Talde latinoekin 2003an hasi zen alarma [Espainiaz ari da]. Urte hartan immigrazio legea tramitatzen hasi ziren; ez nuke esango kasualitatea denik. Onartzen dut: talde latinoetako kideek egin dituzte delituak, borroka larriak egon dira, hildakoak... Baina ez dira indarkeria soilik. Gizarte osoaren arazoa da; gure gazteak dira, gizarteratze arazoak dituzte, eta konponbideak guztiok bilatu behar ditugu.

Hartu beharreko neurriak zein dira?

Poliziak berak badaki esku gogorra alferrik dela. Gizarteratze politikak landu behar dira, gizarte lana egin behar da. Tamalez, ordea, banda latinoen gaia oso gutxitan utzi dute Polizia ez diren beste profesional batzuen esku. Haien helburua integrazioa da, gizartearen parte sentitzea. Eta ia beti mezu positiboak ematen dizkigute: «parte izan nahi dugu»; «zuek gu ezagutzea nahi dugu»... Gizartearen onarpena lortu nahi dute, beste edozein gaztek bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.