Hipoteka eskatu zutenean entzun zituzten hitz goxoak «irain eta tratu txar» bilakatu dira ordaintzeko arazoak sortu zaizkienean. Horixe salatu dute BBVAko hainbat bezerok, Nafarroako Hipotekek Kalte Egindakoen Plataformaren bitartez. Jendaurrean egin zuten salaketa hori atzo, Iruñeko Gazteluko plazako banketxe horren egoitzaren aurrean. Bulegoko arduradunekin mintzatzen saiatu ziren plataformako kideak, baina ezin izan zuten, BBVAk bere ateak itxi zituelako, haien aurrean.
«BBVAko hainbat bezerori, batetik, hipotekaren bidez iruzur egin zieten, kobratu zizkieten aseguruen bidez iruzur egin zieten; bertzetik, orain, etxetik bota nahi dituzte bezero horiek, eta, gainera, haien hipotekari buruzko datuen bila joan direnean, iraindu dituzte, alde egiteko eskatu, eta zenbait kasutan ez dituzte ezta hartu ere egin nahi izan», salatu du Hipotekek Kalte Egindakoen Plataformak.
Hori ez da bakarrik BBVA bankuan gertatzen, plataformako kideek erantsi dutenez. «Guztietan gertatzen da gauza bera. Etorkinak dira traturik txarrena jasaten dutenak», azaldu dute. Berriozarren, Banesto bankuaren aurka egindako kanpaina gogora ekarri dute plataformako ordezkariek. «Han ere bezeroak gaizki artatzen zituztela jakin genuen, eta egoitza nagusiko arduradunekin jarri ginen harremanetan, arazoa konpontzeko. Plataformako hainbat kide bezeroak laguntzera joaten ginenean harrera eta tratua onak zirela ohartu ginen». Nafarroako plataformak taldeak ditu Iruñean, Agoitzen, Burlatan, Berriozarren eta Barañainen, bertzeak bertze.
BBVAren egoitzaren aurrean atzo egindako protestaren helburua zen, hain zuzen ere, Gazteluko plazako bulegoko arduradunekin auzia konpontzea. «Haiekin hitz egin nahi genuen, baina ez digute horretarako aukerarik eman ere egin». Hesia jaitsi egin zuten, Hipotekek Kalte Egindakoen Plataformako kideak hurbildu eta berehala.
Bertzelako jarrera bat nahi lukete plataformako kideek bankuen aldetik. «Negoziatu behar dute. Negoziatu behar dute bezeroen zorrak etxea emanda kitatu ahal izateko, eta negoziatu behar dute, gutxienez, etxea galdu duten horiei gizarte alokairua ordaintzeko aukera emateko», nabarmendu dute.
2011. urtean, Nafarroako Justizia Auzitegiko epaile batek erabaki zuen Arroizko (Nafarroa) bizilagun batek etxea emanda kitatzen ahal zuela bankuarekin zuen zorra. «Tamalez, kasu hori salbuespena izan da. Helegitea aurkeztu zuten, gainera, eta epailearen erabakia hutsean gelditu zen».
Plataforman bat egin duten guztiek haien zorrak kitatzeko borondatea dutela nabarmendu dute bozeramaileek. «Hori da haien helburua, baina egungo egoera ez da erraza, eta horrek zaildu egiten du ordainketei aurre egin ahal izatea».
Bitartekaritza zerbitzua
Egungo egoera «denen artean» konpondu behar da, plataformako kideek nabarmendu dutenez. Nafarroako Gobernuak berriki jarri du martxan hipotekei buruzko bitartekaritza zerbitzua. «Goiz da zerbitzu horri buruzko iritzia emateko», erran du plataformak. Hala ere, ez dira zerbitzu horren eraginkortasunaz askorik fidatzen, eta hala salatu dute: «Uste dugu gehiago dela gurearen gisako gizarte taldeek egiten duten lana bertan behera uzteko saio bat; hau da, gizartea desmobilizatzea da haien helburua».
Etxe kaleratzeak
Bankuen jarrera salatu dute hipotekek kalte egindakoek
Iruñeko BBVAren egoitza bateko kideekin mintzatzen saiatu da Nafarroako plataforma; hesia itxi egin diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu