Bankari lotua egin du ibilbide profesionala Jesus Pejenautek. Nafarroako Kutxan 25 urte egin zituen lanean, eta bertan pasatu zituen azken urteetako gertaera bati loturik eman ditu lehen eta azken pausoak politikan. Ekainean izendatu zuten Nafarroako Gobernuko Gizarte Gaietarako kontseilari, eta lau hilabete eskas egin ditu Gizarte Gaietarako kontseilari karguan.
Milagron (Nafarroa) jaioa da, 1955ean, eta ezkondua dago Pejenaute; seme bat eta alaba bat ditu. Bartzelonako Unibertsitatean egin zituen ikasketak: Enpresari Zientziak. Bartzelonan bertan hasi zen lanean, Faresa enpresan, eta horren ostean hasi zen bankaren sektorean. Bi urtez Bankinterren egonda, Nafarroako Kutxako ordezkari gisa hasi zen lanean Bartzelonan bertan. Nafarroako Kutxan 25 urte egin zituen. Espainiako Visako eta Euro 6000ko kontseilari ere izan zen.
Orain leporatu dioten diru zuritzea 2007an gertatu zen. Handik laster, 2008an, erretiro aurreratua hartu zuen, Nafarroako Kutxan bertan. Coaching master bat egin zuen orduan, eta beste lan batzuei ekin zien. Garaitsu horretan Vialogos aholkularitza enpresarentzat lan egin zuen (2008-2010), eta azken bi urteetan Zuzendaritzaren Garapenerako Elkarteko (APD) Nafarroako delegazioko zuzendari izan da.
PSN gobernutik atera ostean, Gizarte Gaietarako Departamentuko buru izendatu zuen UPNk, aurtengo ekainean. Lau hilabete eskas egin ditu karguan. Ordurako, baina, politikagintzan ere ibilia zen: Yolanda Barcinaren aholkulari izan zen Iruñeko Udalean, Barcina alkate izan zen garaian.
Bizitza osoa eman du Pejenautek bankuen sektoreari lotutako langintzetan, eta bankuei lotutako gertakizun batek apartatu du bizitza publikotik, azkenean; politikagintzaren lehen lerroan jarri berri zenean, hain zuzen ere.
Soslaia. Jesus Pejenaute
Bankutik bankura, eta bankuan ito
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu