gizartea

Barakaldoko Udalak Profusaren jarduera gelditzeko eskatu dio Jaurlaritzari

Enpresaren gas biltegi batean sua piztu zen atzo.

2011ko azaroaren 18a
18:26
Entzun

Barakaldoko Udalak jakinarazi du Profusa enpresa itxita egongo dela beharrezko segurtasun neurriak bete bitartean eta Eusko Jaurlaritzari lantegiaren jarduera gelditzea eskatu dio, dagozkion neurriak hartu bitartean. 

Tontxu Rodriguez Barakaldoko alkateak enpresaren jarrera gaitzetsi du, "herrian arazoak sortzeaz gain, ez dielako modu egokian aurre egiten". Bart arratsaldean larrialdizko bilera bat deitu zuela esan du, baina "ez zen inor bertaratu".

Atzo eguerdian sutea piztu zen Profusa enpresako gas biltegi batean eta gaur goizeko laurak aldera itzali dute, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak esan duenez. Suhiltzaileek eta ertzainek ingurua itxi zuten, eta ondoren biltegia hoztu behar izan zuten. Auzotarrek nabarmendu zuten bezperatik zegoela gas usaina.

Sua itzali ostean itzuli dira hango bizilagunak etxera. Zubileta auzoan dago aipatutako biltegia, eta zortzi etxebizitza eraikin daude inguruan. Profusako bi langilek erredura arinak izan zituzten.

Eusko Jaurlaritzak adierazi du atzoko igorpenek ez zutela onartutako gehiengo gainditu, baina gertaeren  larritasunaren ondorioz 100.000 euroko isuna jarri dio enpresari. Lantegiak dokumentazio guztiak behar bezala ditu. Auzitegiek baztertu berri dute enpresak ingurumenaren gaineko azken erresoluzioaren aurka ezarritako helegitea, beraz, Profusa oraindik ez dago legedia berriaren baitan. 

Alkatea baikor agertu da eta Jaurlaritzak bere eskaeri erantzungo diola uste du; martxoan espedientea ireki baitzion enpresari. Udaletxean lanean ari dira jardueren behin-behineko gelditzea eskatzeko txostenak prestatzen. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.