Baratzeetara sartu da, ostera ere, Arantzadi Auzolanean

Udaltzainek beste hiru lagun atxilotu dituzte makinak gelditzeagatik; zazpi pertsona atzeman dituzte aurreko astetik

Arantzadiko baratze batean, herritarrak auzolanean, larunbatean. BERRIA.
mikel p ansa
2012ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Asteburuan makinak gelditu direla baliatuta, Arantzadi Auzolanean taldeak baratzea berreskuratu du. Joan den larunbatean dozenaka pertsona elkartu ziren Arantzadin, Iruñeko meandroan; abuztuaren 29an makinek suntsitutako eremua lurrez berriro bete, eta landareak eta loreak aldatu zituzten. Atzo berriro jarraitu zuten makinek lanean, baina baita baratzeen aldeko mugimenduak ere; zenbait ekintzailek bere burua lurpean landatu zuten, protesta gisa; beste batzuek makinak geldiarazi zituzten, eta azken horietatik hiru atxilotu egin zituzten udaltzainek. Baratzeen inguruan zeuden hainbat lagun identifikatu ere egin zituzten atzo. Joan den asteartean sartu ziren makinak Arantzadiko baratzeetara, eta, orduz geroztik, zazpi pertsona atxilotu ditu Iruñeko Udaltzaingoak, obrak oztopatzen saiatzeagatik.

Festakintza antolatua zuen Arantzadi Auzolanean taldeak larunbaterako, eta dozenaka lagun elkartu ziren taldeak azken bi hilabeteetan erabili dituen lurretan. Arantzadin baratzeak desegin eta parke bat egiteko udalaren planari jarraiki, gaur zortzi hasi ziren makinak lanean; joan den asteazkenean, berriz, Arantzadi Auzolanean taldeak baratze gisa erabilitako lurrak desegin zituzten makinek. Larunbatean, ostera baratze bihurtu zuten eremua. Zortzi tona lur emankor eraman zituzten makinek hondatutako eremura, eta loreak eta landareak aldatu zituzten. Jakiak, azken asteetan egin duten bezala, Paris 365 jantoki sozialera eramateko asmoa agertu dute. Ekintza bakarrik ez, festa ere egin zuten larunbatean. Tomateak dastatu zituzten, hazi trukea egin zuten, eta La Chula Potraren kontzertuarekin bukatu zuten ekimena.

Lanek atzo jarraitu zuten Arantzadiko eremuan; makinak ez dira iritsi, oraingoz, Arantzadi Auzolanean taldeak berreskuratutako baratzera. Aldaiatarrenak ziren lehen lur horiek, baina udalak desjabetu zituen, eta ekainetik Arantzadi Auzolanean taldeak erabili ditu. Makinak atzo berriz sartuko zirelakoan, zenbait lagunek bere burua landatu zuten lurrean, baina ez zirela etortzekoak ikusi zutelarik, lurpetik atera ziren. Oharra egin dute hala ere: ez dutela baratzeak uzteko asmorik eta udalaren egitasmoaren aurka lanean jarraituko dutela. Udalari eskatu diote egitasmoa bertan behera uzteko eta proiektuari buruzko eztabaida berritik hasteko.

Bildu koalizioak babesa agertu dio Arantzadi Auzolanean taldeari, eta udalari leporatu dio «itxikeriaz» eta «batere sentsibilitaterik» gabe aritzea. Proiektuari buruzko gogoeta egiteko eskatu du.

Gaur arratsalderako merienda eta kontzertuak antolatu ditu Arantzadi Auzolanean taldeak, baratzean bertan. Herritarrei eskatzen ari dira egunero goizeko zortzietan baratzeetara joateko, kexa adieraztera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.