Ustelkeria PP-n

Barcenasen salaketak "lehenbailehen" argitzeko eskatu dio Marotok Iturgaitzi

PPren diru kontuetan irregulartasunak daudela diotenak "lotsagarri" uzteko eskatu ditu azalpenak Gasteizko alkateak.

2013ko abuztuaren 2a
19:04
Entzun

"Lehenbailehen" eta "guztia". Javier Marotok argitu egin nahi du Luis Barcenas PPren diruzain ohiak egin dituen salaketak, eta horretarako azalpenak eskatu dizkio Carlos Iturgaitz europarlamentariari. PPren Bilboko egoitza enpresa baten diruarekin ordaindu zutela dio Barcenasek. Hori diotenak "lotsagarri" uzteko nahi ditu azalpenak Marotok, Onda Vasca irratian esan duenez.

"Norbaitek zalantzaren bat duenean argitu egin behar da, eta horrek esan nahi du informazioa eman behar dela, azalpenak; ez da jokatu behar inoiz hanka sartzen ez duenak jokatuko lukeen bezala", gaineratu du Marotok. Berak zalantzarik ote duen galdetuta ezetz esan du. "Iturgaitzen garaian PPk, xentimorik ez izateaz gain, egoera zaila bizi izan zuen. Bereziki larria iruditzen zait horrelako salaketak egitea".

Iñaki Oiarzabal EAEko PPren idazkariak esan du epaileekin kolaboratzeko prest daudela, eta eurena alderdi "gardena" dela. "Ez dugu beldurrik bankuetako azken agiria ere aurkezteko". PPren altxortegian hutsunerik ez dago bere ustez, eta diru kontu guztiak zuzenak direlakoan dago. Kontu-ikuskatzearen ondoren Oiarzabalek dio ez dagoela euren kontuetan "kontularitza-hutsunerik" , eta horregatik ez duela "beldurrik justiziarekin kolaboratu eta egoera argitzeko".

Ikerketa batzordea Gasteizko PPri, 2007ko kontratu batengatik

Gasteizko Udaleko oposizioko talde guztiek —EAJ, Eh Bildu eta PSE-EE— bat egin dute mozio batean, ikerketa batzorde bat osatzeko. Batzorde horrek 2007an Udalak sinatutako kontratu baten gorabeherak aztertzea nahi dute: kontratu horretan Gasteizko San Antonio kaleko bulego batzuen alokairuagatik orduko udal gobernuak (Maroto zen alkate) izan ditzakeen "erantzukizun politiko eta legalak" erabakitzea nahi dute.

Oposizioko taldeen artean gehiengo absolutua dute, eta beraz, batzorde hori sortu egingo dute. "Zuzenean eta lehiara atera gabe" eman zutela dio oposizioak, eta kontratuak "gehiegizko baldintzak" zituela. Marotok ostegunean gai horren inguruan emandako azalpenak "eskasak" eta "guztiz murritzak" izan zirela uste dute oposizioko taldeek, eta horrek orduko kudeaketaren inguruko "zalantzak" sortzen dizkiela adierazi dute hiruek babestutako mozioaren testuak. Ikerketa batzordeak lau hilabete izango lituzke gaia aztertzeko, eta prestatze- eta emate-prozeduraz gain, kontratu horren aplikazioa eta ondorioak ere aztertuko lituzke, baita egon litezkeen "erantzukizun pertsonal, politiko eta legalak" ere.

Marotok, berriz, ez duela "ezkutatzeko ezer" baieztatu du, eta beraz, prest dagoela "eskatzen dizkioten azalpen guztiak emateko". Baieztatu du bai Gasteiz bai Araba mailan "askotan" izan dituztela ikerketa batzordeak gainean, "beti EAJ edo PSE-EErekin zerikusia zuten irregulartasun kasuekin lotuta".

PSOE, PPri kontu eske

Mariano Rajoyren atzoko agerraldiaren ondotik, Kongresuko PSOEren bozeramaile Soraya Rodriguezek ezohiko osoko bilkura deitzeko eskaera egin du, PP alderdia ilegalki finantzatu ote den aztertzeko, legebiltzarreko ikerketa batzorde baten bidez. Soraya Saenz de Santamaria Espainiako gobernuko lehendakariordeak, berriz, gogoratu du badela dagoeneko ikerketa juridikoa martxan. Saenz de Santamariaren hitzetan, ez dagokio gobernuari "legebiltzarreko estrategia" hori baloratu edo bozkatzea.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.