POLITIKA

Barcina, dietei buruz: "Ez nintzen konturatu apurtxo bat lehenago aldatu behar zirela"

Espainiako Auzitegi Gorenak Nafarroako Gobernuko presidentea ez ikertzea erabakita, CANeko dieten auzia "atzean" uzteko asmoa adierazi du Yolanda Barcinak. Dieta horiek jasotzea "alderdi guztietako kideei eragin dien praktika" bat izan dela gaineratu du.

2013ko abuztuaren 3a
17:59
Entzun

Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea elkarrizketatu du Efe albiste agentziak, eta, batez ere, Nafarroako Kutxako Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorreko kideek jasotako dietak izan ditu hizpide. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen Barcinak ez zuela eroskeria deliturik egin dieta horiek jasota, eta Barcina ez inputatzea erabaki zuen.

Auzia "atzean" utzi nahi du orain Barcinak, prozesua "gogorra" izan baita: "Epaiketa egin aurretik zigortu naute askok". "Pozik" agertu da Auzitegi Gorenaren erabakiarekin, eta orain "are indar gehiagorekin" lan egingo duela hitzeman du.

Barcinaren esanetan, "azkenean egia" nagusitu da, nahiz eta, haren ustez, prozesua "erabilia" izan den berak zuzendutako gobernuaren kontra. Ez du dimisioa ematean pentsatu: "Oso lasai nengoen".

Dietak kobratzearen inguruan, Barcinak esan du "alderdi guztietako kideei eragin dien praktika" bat izan dela, eta "garai ekonomiko oparoan" ezarri zutela praktika hori. "Barkamena" eskatu du, "garai honetan" ez delako "bidezkoa" dieta horiek jasotzea: "Ez nintzen konturatu apurtxo bat lehenago aldatu behar zirela".

"Alderdi guztiok egin behar dugu gardentasun ariketa handi bat, egoera ekonomikoaren eraginez hainbat gauza daudelako ezingo direnak lehen bezala egin". Garai ekonomiko "oparoan" klase politikoa "erlaxatu" egin zela uste du Barcinak: "Orain, auzi mordo bat dago epaitegietan alderdien finantzaketaren inguruan".

Gobernua, gutxiengoan

PSN "abertzaleek arrastaka" daramatela uste du Barcinak; halaber, gaineratu du haren kontrako zentsura mozioak aurrera egin ez izanak erakusten duela oposizioaren "heterogeneotasuna" eta "erabaki exekutiboak hartzeko gaitasun eza".

Gaur egun, Nafarroako Gobernua "UPNk edo Bilduk" zuzen dezaketelakoan da Barcina; koalizioa "gure legeak eta gure nortasuna errespetatzen ez dituen alderdi bat" dela erantsi du, eta horren froga gisara aipatu du "nafarrentzat hain maitatua den txupinazoan egin nahi izan zuten boikota".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.