Barcinak ez du dimitituko. Gaur arratsaldean egin duen agerraldian garbi esan du UPNk eta Nafarroako Gobernuak ez dituztela bere egiten Nafarroako Parlamentuaren ikerketa batzordearen ondorioak. PSNk, Bilduk, Aralar NaBaik, Ezkerrak eta Geroa Baik gaitzetsi egin dute horietan Yolanda Barcina eta Lourdes Goikoetxearen jarduera, eta dimititzeko eta bozak aurreratzeko eskatu diote presidenteari. Barcina, ordea, sendo agertu da gero, eta PSNri zentsura mozioa aurkeztu eta Bildurekin bat egiteko erronka bota dio.
Ikerketa batzordea bera ezbaian jarri du Barcinak bere agerraldian, eta "ikerketa batzorde tranpa" gisara izendatu du. Salatu duenez, helburu politikoa soilik bilatzen zuen ikerketa batzorde horrek, eta gaineratu du horretarako ez zela beharrezkoa eratzea ere. Gogoratu du orain urtebete Bilduk eta Aralar-NaBai-k aurkeztuta bozkatu zela zentsura mozio bat bere aurka (Nafarroan inoiz izan den lehena), eta gaur egun ez dagoela orduan ez zegoen motiborik horretarako. Dei egin dio PSNri bere zentsura mozioa aurkeztu eta parlamentuan botoa ematera.
Madrilera begira
Bildurekin bat egitea leporatu dio Barcinak PSNri berriro, eta Roberto Jimenez idazkari nagusiari bere interesetan aritzea presidentetza eskuratzeko. "Zentsura mozioa aurkezteko hatuagaiaz gain, programa bat ere aurkeztu behar da". Hala ere, Madrilera begira jarri da PSOEk PSNren ekimena zapuztuko duelakoan. "Ustelkeriarik izan denik ez da frogatu, eta nik sinesten diet Rubalcabari eta Valencianori". Bi horiek orain egun batzuk esan zuten ez direla bat etorriko Bildurekin. Barcinaren arabera, zentsura mozioa "Bilduren bide orrian" dago.
Goizean ere esan du Barcinak "Rubalcaba jaunaren estatu erantzukizunaz" fidatzen dela bera. PSNk bihar egingo du zuzendaritzaren bilera eta han da erabitzekoa zentsura mozioa aurkeztuko duen edo ez. Hala ere, Nafarroako krisi politikoak Nafarroaren mugak gainditu zituen hasiera batetik, eta erabakitzeko garaian ere gakoa Madrilen egongo dela dirudi. Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak krisia piztu berritan esan zuen Nafarroa "estrategikoa" dela Espainiarentzat, eta herenegun Carlos Salvador UPNko parlamentariak Madrilen gaineratu zuen Nafarroa "hausten" bada, Espainia ere "hautsiko" dela..
Aldaketa beharra
Ikerketa batzordeak ateratako ondorioetan Nafarroan aldaketa beharra nabarmendu dute legebiltzarkideek bat egin duten txostenean, eta horretarako erantzukizun politikoak, dimisioak eta hauteskunde aurrerapena eskatu dituzte. Yolanda Barcina eta Lourdes Goikoetxeak batzordeak eskatutakoa aintzat hartzen ez badute, "beharrezko neurriak" hartuko dituzte gainera. UPNk eta PPk, berriz, uste dute ez dela frogatu ustelkeriarik eta lege urraketarik egon dela.
Honela dio ikerketa batzordeko pasarteetako batek: "Ikerketa batzordeak gaitzetsi egin du Barcina Nafarroako presidentearen jokaera, eta Goikoetxea Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu kontseilariarena, eta exigitu die aurre egin diezaietela erantzukizun politikoei, dimisioa eman dezatela, eta presidenteak dei dezala hauteskundeetara 2014ko maiatzaren 25erako".
Ebazpenak dioenez, ikerketa batzordeak ateratako ondorioak kontuan hartzera behartu ditu alderdiak, eta herritarrei hitza ematera. "Honako ondoriook alderdi guztiei eta parlamentariei behartzen diete beharrezko neurriak hartzera herritarrei hitza itzultzeko".