Krisia Nafarroako Gobernuan

Barcina: "Gobernu gutxi daude hau bezain gardenak"

Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak hasi du saioa ikerketa batzordearen aurrean. Leporatzen dizkioten guztiak ukatu ditu hasi bezain pronto: "Presidente honek legearen barruan jokatu du prozedura guztietan". Joxerra Senar kazetaria zuzenean jarraitzen ari da agerraldia.

Yolanda Barcina, agerraldia hasi aurretik. IñIGO URIZ, ARP
Berria.info
2014ko otsailaren 25a
22:07
Entzun

Iskanbilatsua izaten ari da Yolanda Barcinaren agerraldia, hainbat galderari beste zerbaitekin erantzuten hasi baita, edota galdetzaileei galdera eginez. Juan Jose Lizarbek eskatu du "bilera lasaia" izan dadila. Macias Rascon PSNko legebiltzarkidea hasi da galdetzen, ia bi orduz aritu ere. Bilduko, Aralarko, PPko eta Ezkerrako, eta Geroa Baiko bozeramaileek jarraitu dute ondoren.

Ika-mikak gorabehera, Barcina "egia osoa" esatera joan de gaurko saiora:  "Legebiltzarrera parte hartzera etorri naiz, egia esatera, gure erkidegoan zer gertatu den argitzeko asmoz". Ikerketa Batzordeari, ordea, zilegitasuna kendu dio. Batetik, "ikertu aurretik ondorioak atera" dituelako, eta bestetik, "Bilduren kanpainaren parte bat" dela uste du, "konplota", Bilduren "estrategia, 30 urteotan Nafarroan gertatu ez dena gertatzeko", eta oposizioko gainerako alderdiak "berekin eraman" ditu. Besteak beste, Bilduko parlamentari Maiorga Ramirezi esan dio bera ez dela nor "etika irakaspenik emateko". Onartu du Nievesen agerraldiek zailtasunetan jarri dutela gobernua, baina ez dutela justifikatzen zentsura moziorik.

"Nievesen hitzak testuingurutik atera" direla uste du Barcinak, Goikoetxea "auzi honetan sartu" al zuen Rasconen galderari erantzunez. Nievesek eta Goikoetxeak izandako ustezko bazkariaz ere hitz egin dute gainetik, inspekzio plana nork eskatu zuen. "Ni ez nintzen bazkari horretan egon. Esan diezazukedana da hainbat gertakarik harritu egiten nautela. Harritzen nau Nieves gogoratzea testualki bazkari batean hitz egindakoaz".

BEZaren auzia

BEZaren atzerapenaren auziari buruzko galdera zehatzei orokorrekin erantzun die Barcinak. Beti erantzun bera. Defizitaren helburuak "bete behar izan" dituela eta "legearen barruan" egin duela. Zehatz ezin duela txosten bakoitzari buruz hitz egin, ezta BEZa beranduago itzultzeari buruzkoa ere. "Ez ditut txosten guztiak ezagutzen, kontseilarien esku daudelako. Txosten guztien berri izan beharko banu, zertarako daude kontseilariak?.

Horrez gainera, PSN sartzen saiatu da, esanez, BEZa atzeratzeko neurria aurreko gobernuak onartu zuela, alegia, PSNk eta UPNk. Barcinak Rasconi leporatu dio BEZa beranduagoi itzultzeko erabakia elkarrekin hartu zutela, UPNk PSNrekin gobernua partekatu zuenean; Rasconek erantzun dio UPNk bakarrik hartu zuela erabakia, eta ez jartzeko PSNren gain UPNren erabakiaren ondorioak. "Rajoyk eta aurretik Zapaterok ezarritako helburuak betetzea izan zen presidente honen egitekoa", esan du Barcinak.

Bilduko Maiorga Ramirezek, berriz, "legezkoa den epearen gainetik aritzea publiko egin" zuten galdetu dio: "Ez dakit, baina esan dezakedana da ez garela legez kanpo aritu, eta gobernu gutxi daudela hau bezain gardenak". Galdetu dio enpleguan eta enpresa dinamikan izan zezakeen ondorioak ikertu zituzten: "Nafarroa esportatzailea da erabat, eta faktore asko daude kontuan hartu beharrekoak".

Aralarko Patxi Zabaleten galderei erantzunez, Barcinak esan du aukera guztiak zirela "txarrak", eta halabeharrez hartu zutela erabakia.

Nafarroako Kutxa

Lourdes Goikoetxeak Nafarroako Kutxako kontseilariez ustez Ogasunari eskatutako txostenei buruz hauxe esan du: "Ez dut erantzungo balizko horiei buruz. Nik ez diot txostenik eskatu Goikoetxeari", eta esan duenez, ezin du iritzirik eman parte hartu ez duenaren gainean.

Dieten auziaz galdetu dio Bilduko Maiorga Ramirezek Barcinari, eta dena legeari jarraituta egin zela nabarmendu du: "2011ko gertakariak interes politikoarekin erabiltzen ari zara". Gainera, CANi buruzko informaziorik ez duela eskatu ziurtatu du, Zabaletari erantzunez.

Nafarroako Unibertsitatea

"Nafarroako unibertsitatearen inguruan Ogasunaren jardueraren berri bazenuen 2013an?" galdetu dio Rasconek. Barcinak jakin zuen, esan duenez, unibertsitateak eman ez zuen ordainsariaren gainean "neurriak" hartu zirela, eta "ongi iruditzen" zaio. Mezu bat jaso zuen Goikoetxearena hori azaltzen, "2013ko ekainaren 12an".

Administrazio Auzitegian dago auzia Barcinak gogoan duenez, eta "auzitegiak esaten du ez dela erraza, ikusi beharko dela lege aldaketak aurreko urteak ikertzeko aukera emango duen edo ez... Gai konplexua da, eta uste dut [Goikoetxea] kontseilariak behar bezala ekin duela. Ez dakit zergatik ateratzen den testuingurutik".

Goikoetxeari buruz

"Goikoetxeak behar bezala jokatu zuen?" galderari hauxe erantzun dio: "Uste dut kontseilari gisara ekin diola, eta legearen barruan". "Kontseilariak ez du tratu berezirik eskatu ezein enpresarentzat. Enpresa bati buruz interesa agertu du, besterik ez".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.