Oposizioko taldeek eta Osasunbideko zuzendari kudeatzaile ohi Juan Jose Rubiok parlamentuan egindako salaketak ez ditu aipatu Nafarroako Gobernuko Yolanda Barcinak, Rubioren beraren dimisioak eragin duen egoerari buruz galdetu diotenean. Betiko diskurtsoari eutsi dio, Marta Bera Osasun kontseilariak ere atzo parlamentuan defendatu zituen betiko hitzei: "Zerbitzurik onenak eskaintzen jarraitzeko egin behar dugu lan, bertze erkidegoekin alderatuta zerrendaren buru baikaude". Legegintzaldian izan diren hamaika dimisio eta kargugabetzeak krisi egoerak sortutako "tentsioaren ondorio" direla erran du Barcinak. "Bertze hainbat erkidegotan ere gertatzen dira halakoak", erantsi du.
Bera eta Rubio parlamentuan izan ziren atzo, eta Osasunbidearen egoerari buruzko irakurketa ezberdina egin zuten. Gardentasun eza salatu zuen zuzendari kudeatzaile ohiak; Osasunbidea "gaixo" dagoela erran zuen, eta nabarmendu zuen, gainera, itxaron zerrendek zerbitzuak jasotzeko eragiten dituzten zailtasunez gain, parekotasunik ez dagoela Osasunbidean, eta nafar guztiek ez dutela zerbitzua jasotzeko aukera bera. Marta Berak, berriz, Rubiori egotzi zion sortu den egoeraren errua. "Ez da egokitu", erran zuen. Berak karguari eutsiko ziola erran zuen atzo, eta Yolanda Barcina presidentearen babesa jaso du gaur, bertze behin.