UDAL ETA FORU HAUTESKUNDEAK

Barcina zerrendan aurkeztuz gero, Esparza prest dago UPNko hautagai izateari uzteko

Presidentetza uztea erabaki zuenean iragarri zuen Barcinak parlamentuan jarraitu nahi zuela, eta ostegunean aurreratu zuen datorren astean aurkeztuko dela.

Javier Esparza eta Yolanda Barcina. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
2015eko martxoaren 13a
10:25
Entzun

Erabaki hori birpentsa dezala eskatu dio Javier Esparza foru hauteskundeetarako UPNko zerrendaburuak Barcinari, argudiatuz proiektu "berritua" aurkeztu nahi duela bozetara. Are, ohartarazi dio ez dela "berrikuntzarik ez dakarren" proiektu baten buru izango.

Esparzak aitortu du gaiaren inguruan solastu dela Barcinarekin, baina ez dela akordiorik izan. Gainera, azaldu du ez zuela Barcinak zerrendan aurkezteko borondatea publiko egiteko asmoaren berri. Esparzak nabarmendu du proiektu "berritua" nahi duela, eta hori ezinbesteko elementutzat jo du. Hala ere, esan du Barcina Nafarroako Gobernuko eta UPNko presidentea dela, eta, zentzu horretan, "ezagutza politiko izugarria" duela. Barcinaren ibilbidea "primerakoa" dela eta alderdiaren nahiz "gizartearen zati garrantzitsu baten" aitortza duela gaineratu du Esparzak.

UPNren Zerrenda Batzordea da bozetarako zerrendak osatzeko arduraduna. Barcinak, baina, esana du "irteera postuetan" egon nahi duela. "Ez zait gustatzen prozesu batean gai hauetaz hitz egitea, biana datorren astean aurkeztu behar dira hautagaitzak, eta nirea aurkeztuko dut zerrendan egoteko", esan zuen hedabideen aurrean.

Barcina 2011tik da Nafarroako presidente, eta UPNko presidente ere bada. Agintaldi honetan CANen dieten auzian egon da nahastuta. Aurrerantzean ere parlamentari izango balitz, forudun ere izango litzateke, eta horrek babesa emango lioke etorkizunean auzi gehiago piztuko balira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.