Osasun publikoan Espainiako Gobernuak iragarri dituen neurriak «gustuko izan edo ez» bete egin beharko dituztela esan du Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak. Barcinak adierazi du, ez duela gustuko pentsiodunek egin beharko duten «esfortzu gehigarria», baina zehaztu du Nafarroak derrigorrez bete beharko dituela Madrildik etorritako neurriak. Haren esanetan, gobernuak eskumen guztiak erabiliko ditu «beti» ongizate maila mantentzeko, baina gogorarazi du Nafarroa ez dela «intsumiso» izan orain arte, eta horrela jarraituko duela hemendik aurrera ere.
Barcinak nabarmendu du murrizketekin «orain arte baino hobeto» tratatuko dituztela gizatalde txiroenak: «Nola ez gara ba ados egongo langabeek botikak ez ordaintzearekin? Oso neurri egokia iruditzen zaigu». Pentsiodunak sendagaiak ordaintzen hastea, ordea, «gutxiago» gustatzen zaiola gaineratu du. Ez du iragarri UPNk Espainiako Kongresuan neurriak babestuko dituen ala ez, baina adierazi du UPN «Espainiako arazoekin arduraz jokatzen duen alderdia» dela.
Barcinak esandakoaren kontra, Marta Vera Nafarroako Osasun kontseilariak ez du argitu Madrilgo murrizketak Nafarroan ezarriko dituzten edo ez. Sendagaiak Espainiako eskumena direla-eta hark erabakitakoa ezarri behar dela esan zuen atzo, baina gaineratu zuen Nafarroako Gobernuak ez duela berrordainketa ezartzea aurreikusten.
Matoren asmoen aurka egin du, aldiz, Nafarroako Gobernuko presidenteorde eta PSNko idazkari nagusi Roberto Jimenezek. Neurriak «berrordainketa» direla, eta horiek galarazten saiatuko direla ziurtatu du: «Inboluzio hau saihesten ahaleginduko gara erakunde guztietan, eta, behar izanez gero, kalean». Jimenezen ustez, Madrilek «medikuari ere» ez dio egia esaten, eta gogora ekarri du osasunean eta hezkuntzan murrizketarik ez egiteko konpromisoa azaldu zuela Mariano Raxoiren gobernuak.
LAB sindikatuak salatu du murrizketak herritarrei ezarritako «beste zerga bat» direla, eta haien aurka egiteko eskatu du. «Oso murrizketa bidegabeak dira. Gaixoen dauden pertsonak zigortzen dituzte».
Botikengatik gehiago ordaindu behar izatea gaitzetsi, eta zerbitzuek zerrenda aldatzearen aurka azaldu da sindikatua. «Tratamendu batzuk kendu nahi dituzte, eta osasun garraioarengatik, adibidez, berriz ordaindu».
PPk bultzatu nahi duen osasun sistema «pribatizatzailea eta elitista» dela salatu, eta Euskal Herrian beste eredu baten alde egiteko eskatu du. «Sistemak publikoa, unibertsala, solidarioa eta doakoa izan behar du».
SATSE erizainen sindikatuak kritikatu duenez, neurriek osasun zerbitzu «bidegabe» bat izango dute ondoriotzat, «dirudunentzat osasun zerbitzu bat, eta baliabide gutxiago dituztenentzat beste bat» sortuta.
Sindikatuko idazkari nagusi Jose Antonio de Lenizen arabera, errenta maila ertaina edo baxua duten herritarrek ezingo dituzte osasun zerbitzuak besteek bezala erabili, eta nabarmendu du hori «atentatu bat» dela doako osasun zerbitzuaren unibetsaltasunaren aurka. SATSEren ustez, neurriak indarrean jartzeak eragingo duen administrazio kostua «garestiegia» izango da. Gainera, sindikatuaren iritziz, 7.000 euro murrizteak «eragin zuzena» izango du osasun arloko langileengan eta zerbitzuaren kalitatean.
Neurria noiz aplikatu behar den jakiteko zain dago Nafarroako Botikarien Elkargoa. Farmazien eguneroko lanean zer eragin izango duen jakin nahi duela adierazi du elkargoko presidente Pilar Garciak, eta horren zain dagoela gaineratu du. Izan ere, Garciak esan du elkargoak «ezer ereez» dakiela noiz eta nola jarriko duten indarrean neurri sorta, nahiz eta Espainiako Gobernuaren asmoek zuzenean eragin farmazietan.
Mendekotasun Legea
Espainiako Gobernuak Mendekotasun Legean ezarri asmo dituen murrizketak gaitzetsi ditu, berriz, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburu Gema Zabaletak. «Bidea ez da murrizketak egitea. Mendekotasunen bat dutenei eta adinekoei ahalik eta zerbitzu onenak eskaini behar dizkiegu, eta, zerbitzu horien bidez, lana sortu». Berrikuntza soziosanitarioanlan egiteko eskatu dio Espainiako Gobernuari Zabaletak.
Barcina:«Gustuko izan edo ez, bete egin behar ditugu osasun mozketak»
LABek eta SATSEk gaitzetsi egin dituzte neurriak, eta haien aurka egiteko eskatu diete herritarrei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu