Ostegunean eman zuen autoa Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak, Nafarroako Kutxa eta Banca Civicaren auzian. Horren harira, Bilduk eta Geroa Baik Yolanda Barcina Nafarroako Foru Gobernuaren presidentearen agerpena eskatu zuten parlamentuan, eta “urgentziaz” agertu beharko du bertan.
Bilduk egindako eskarian “autoaren balorazioa egin eta hartuko dituen neurrien berri” eman dezala eskatu zuen, eta Geroa Baik “Banca Civicaren fusioan eta burtsara irtetean izandako irregulartasunengatik egindako salaketak” azter ditzala eskatu zuen. Barcinarekin batera Nafarroako Kutxaren Fundazioko patronatuak ere agertu beharko du. Agerpenerako data zehatzik ez badago ere, ekainean izatea espero da.