Nafarroako Kutxako Entitate Sortzaileen Batzorde Iraunkorreko aktak aldatu zirela eta, parlamentuan azalpenak emango ditu Yolanda Barcina Nafarroako Gobenuko presidenteak. Hala egin dezala eskatu zuen Bilduk, eta eskaera hori tramiterako onartu dute gaur goizean Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak eta Mahaiak.
Maiorga Ramirez Bilduko parlamentariak esan du Barcinak herritarren aurrean azaldu behar duela "zer ezkutatu, aldatu edo gehitu" nahi izan den CANeko akta moldatuetan. "Herritarrek ezin dute onartu, CANen desagerpena bezalako gertakarien aurrean, isiltasun hesi bat eraikitzea", gaineratu du.