Diario de Navarra-k argitaratutako gutunean —Ezin dut iragana aldatu, baina bai etorkizuna du izena—, Barcinak dio dietak kobratzea ohikoa izan zela Nafarroan hainbat hamarkadatan.
Onartu du "jardun desegokia" izan zela, eta gaur egun "ulertezina" dela: "Onartu behar dugun akats bat izan da; barkamena eskatzen dut akatsarengatik".
Barcinak dioenez, oraindik gizarteak "pauso asko eskatzen ditu politikaren benetako birsortze baterako", eta politikariak horretarako "prest" egon behar dira.
Ostegunean kaleratutako informazio baten arabera, Nafarroako Kutxako Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorra delakoa 2010eko abuztuaren 30etik 2011ko irailaren 26ra bitartean zortzi egunez batzartu zen, egun bakoitzeko ordu erdiko bi bileratan.
Bilera bakoitzeko Miguel Sanz Nafarroako lehendakari ohiak 1.876 euro jasotzen zituen; guztira 30.016 euro garbi kobratu zituen. Yolanda Barcina zein Alvaro Mirandak bilerako guztira 19.216 euro jaso zituzten. Enrique Maiak, bi egunez, 4.400 euro jaso zituen. Barcinak orduan justifikatu zuen diru sari horiek "beste garai batekoak" direla.