'can AUZIA'

Barcinak 'CAN auzia' azaldu gabe segitzen du

Nafarroako lehendakariak esan du "gizarte guztiak” duela ardura. Agerraldia egin du parlamentuan. Aralar-NaBaik eta Bilduk ikerketa batzordea sortzeko eskatu dute, baina UPNk baztertu egin du.

Berria.info
2013ko otsailaren 5a
12:29
Entzun

Besteak beste, CAN auziaz hitz egiteko agerraldia amaitu du Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakariak parlamentuko Foru Erregimeneko batzordean. Urtarrilaren 3an, CANeko gobernu organoak desegiteko eta fundazio bihurtzeko erabakia azaltzera mugatu da. Gestioaz ez du ezer esan.

Esan du ”garai berri bat” ireki dela, eta prest azaldu da "hemendik aurrera" CANek kudeatu beharreko diruaren kontrol publikoa eztabaidatzeko beste parlamentu taldeekin. Interes alderdikoiak alde batera utzi behar direla eta interes orokorra lehenetsi behar dela argudiatu du.

Atzo jakin zen Miguel Sanz Nafarroako gobernuburu ohia eta Enrique Goñi CANeko buru ohia ikertzen hasi dela epailea, delitu zantzuak daudela. CANi buruzko auzia Nafarroan ikertzea ebatzi du epaileak, eta Banca Civicari dagokiona Auzitegi Nazionalera igortzea. Epaileekin elkarlanean aritzeko "erabateko prestutasuna" azaldu du.

Barcinak ez du inongo aipamenik egin CANen iraganaz. Agerraldiaren hastapenean esan du gestioaren erantzukizuna gizarte osoarena dela, kontseilu nagusian (batzarra) Nafarroako gizarteko ordezkaritza zabala zegoelako. Kontseiluaren ordezkaritza CANen administrazio kontseiluko eta beste goi organoekin parekatu nahi izan du. Aurrerago, gaineratu du, berari ezin zaiola egotzi CANen gertatutako guztia.

Patxi Zabaleta Aralar-NaBaiko eledunak galdetu dio Barcinari orain kontrol publikorako prest badago, zergatik ez dagoen prest CANen iragana aztertzeko, ikerketa batzorde baten bidez.

Bilduko Maiorga Ramirezek ikerketa batzordea irekitzea defenditu du ere bai. Bere ustez, gardentasuna azaltzeko modu bakarra da ikerketa batzordea ezartzea. Maiorga Ramirezek larritzat jo du Barcinak gardentasun bokazioa azaldu izana. "Gardentasuna eta sinesgarritasuna uztartzeko zure modu bakarra ikerketa batzordea irekitzea da. Horrela erakutsiko duzu ez duzula ezer estaltzeko”.

PSNk CANen oraingo fundazio izaeraren erabakira eraman du eztabaida.

Carlos Garcia Adanerok (UPN) baztertu egin du ikerketa batzordea sortzea. "Orain epaileek erabakia hartuko dute, eta, horregatik, jada ez du zentzurik ikerketa batzordea irekitzea”. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.