Roberto Jimenezek argi esan du: "Barcinak dimisioa ematen ez badu, zentsura mozioa aurkeztuko dugu". Nafarroaren historian gobernuaren aurka aurkezten den bigarren zentsura mozioa litzateke PSNko idazkari nagusiak iragarri duen hori. Orain arte zentsura mozio bakarra egon da. 2013ko apirilaren 18an aurkeztu zuten Bilduk eta Aralar-NaBaik, eta ez zen aurrera atera, PSNko parlamentariak abstenitu egin zirelako. Yolanda Barcina presidentearena izango da harrezkero ohore hori, nahiz eta sozialisten jarrerari esker mozioak eraginik izan ez zuen.
Nafarroako Gobernua CANeko dieten auziak bete-betean jota zegoen. Juan Carlos Longas aurkeztu zuten presidentegai Bilduk eta Aralar-NaBaik orduko horretan, eta Ezkerra eta GeroaBairen botoak ere gehitu zituzten. Guztira, hemezortzi boto bildu zituen oposizioak. UPNk eta PPk kontra bozkatu zuten, 23 boto elkartuz. PSNren abstentzioak bederatzi izan ziren, duen parlamentari kopurua.
Barcina, berean
“Ez dago UPNrena ez den gobernurako beste aukerarik”, esan zuen orduan Yolanda Barcinak. PSNren iritzi aldaketak, ordea, beste aukera bat jar dezake mahai gainean orain. PP alde batera utzita ere, 27 boto zenbatuko lituzkete oposizioko beste alderdiek. Hauxe da boto banaketa Nafarroako Parlamentuan (26 boto nahikoa dira gehiengo osoa izateko).
UPN: 19
PSN: 9
Bildu: 7
Aralar-NaBai: 6
PP: 4
Ezkerra: 3
GeroaBai: 2
Eguesibarko eredua
Nafarroan UPNren kontra beste alderdiek euren botoak batu dituzten antzeko kasu bakarra iazko martxoan gertatu zen, Eguesibarren. Josetxo Andia UPNko alkateak dimisioa eman zuen martxoaren 7an, irregulartasunak tartean, eta alkate berria izendatzerakoan NaBaik, PSNk, Bilduk eta Ezkerrak euren botoak batu zituzten. 1995etik UPN zegoen gobernuan.
Alfontso Etxeberria da orain Eguesibarko alkatea. Udal gobernuan NaBai eta Ezkerra daude, Etxeberriari bere botoa emateko PSNren baldintza izan baitzen Bildu ez sartzea gobernuan; koalizioak onartu zuen baldintza, eta aurrera atera zen. Estefania Clavero UPNko hautagaiak bere alderdiaren sei botoak jaso zituen soilik, eta PPko zinegotziak bere buruari eman zion botoa.
Iruñean oposizioko alderdiek Enrique Maiaren aurka ere batu zituzten iaz euren botoak, baina gaitzespen mozio batean egin zuten, eta aurrera atera bazen ere, Iruñeko alkateak ez zuen dimititu. Bilduk eta Ezkerrak alkatearen dimisioa eskatu zuten, baina ez, ordea, PSNk eta GeroaBaik. Horrelako gaitzespen bat jasotzen zuen bigarren aldia zen, 2011n Hirigintza zuzendari zelarik beste bat jaso baitzuen. PSNk, ordea, zentsura mozioa aurkeztea baztertu zuen, horretarako baldintzarik ez zegoela argudiatuta.