'CAN AUZIA'

Barcinak Kontuz plataforma salatuko du, bera iraintzea eta salaketa faltsua egitea egotzita

Kontuz-ek informazio pribilegiatua baliatzea egotzi zion Nafarroako Gobernuko presidenteari, baina Nafarroako fiskalak artxibatu egin du salaketa. Kontuz-ek CANen gertatutakoa argitzeko asmoarekin jarraitzen duela dio. Barcinak esan du "ehiza politiko baten biktima" dela.

2013ko martxoaren 12a
19:41
Entzun

Kontuz plataforma salaketa artxibatzeko erabakiaren aurka agertu da. Ohar baten bidez azaldu du ez zaizkiela aurkeztu Fiskaltzaren izapideak, eta ez dizkietela aurkeztuko, baina argitu du plataformako abokatu taldea fiskalaren ebazpena aztertzen ari dela, eta gertatutakoa argitzeko asmoarekin jarraitzen dutela.

Barcinak Kontuz salatzearen inguruan esan dute "bere eskubidea" dela, baina ez dutela "ulertzen", ez duelako "zentzurik". "Ukatu egiten dugu presidentea iraintzeko saiakera", adierazi dute. Haien helburu bakarra Nafarroako Kutxan gertatu dena argitzea dela nabarmendu dute.

UPNk uste du Kontuz-en salaketa artxibatu izanak agerian uzten duela "ezker abertzaleak gobernuko presidentearen aurka abiatutako jazarpen kanpaina". Nafarroako fiskalak Yolanda Barcinaren aurkako salaketa artxibatu eta berehala, gobernuko presidenteak iragarri du Kontuz salatuko duela, bera iraintzea eta salaketa faltsua egitea egotzita.

Nafarroako Kutxan informazio pribilegiatua baliatzea egotzi zion Kontuz-ek  Barcinari, baina gaur Nafarroako fiskalak erabaki du salaketa hori artxibatzea. UPNk kritikatu du "ezker abertzaleak abiatutako jazarpen kanpaina" izan dela, eta gaineratu du helburua "Barcinaren, UPNren eta Nafarroako Gobernuaren ohorea zikintzea" zela.

Barcina, "biktima"

"Ehiza politiko baten biktima sentitzen zara? Bai. Harrapatu beharreko ehizakia naiz". Hala azaldu dio Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak Diario de Navarra-ri, gaur kazetak argitaratu duen elkarrizketan ageri denez: "Badirudi ni naizela Nafarroako Kutxan erabakiak hartu zituen bakarra, eta ez da horrela".

Dimisioa emateko aurkera baztertu du Barcinak. "Nire dimisioa eskatzea aitzakia bat da autokritika txikiena ere ez egiteko", esan du. Gaineratu du "nazionalismoa etengabe" ari zaiola dimisioa eskatzen, baina PSNk eskari horrekin bat egitea "berria" dela azaldu du: "Orain Nafarroako Kutxari buruz argitaratu denaz, ez dago ezer PSNk ez zekienik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.