Langabeen Batzordeak, lan erregulazio txostena ezarria duten enpresetako langile batzordeek, etxe kaleratzeen aurkako elkarteek, sindikatuek, Kontuz-eko kideek eta beste plataforma batzuek deituta, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentearen dimisioa eskatu dute gaur arratsaldean Iruñean.
18:00etarako deitu dute manifestazioa, baina ordu laurden geroago abiatu da, Ustelak kanpora, Barcina joan zaitez. Erabaki dezala herriak lelopean. Besteak beste, bat egin dute protestarekin Bilduko parlamentari Mayorga Ramirezek eta Bakartxo Ruizek, Kontuz plataformako Patxi Urrutiak eta LABeko ordezkari Igor Arroyok.
Antolatzaileen arabera, Nafarroako Kutxaren dieten inguruan ezagutu diren informazioen ondoren eta krisi ekonomikoari aurre egiteko neurririk ez dutela hartu iritzita, beharrezkoa da hauteskundeak aurreratzea. Jakinarazi dute 10.000 pertsona inguru batu direla mobilizaziora.
Herritarrek gaur, eta ordezkari politikoek atzo egin zituzten urratsak Barcina presidentetzatik kentzeko. Aralar-NaBaik eta Bilduk atzo erregistratu zuten Nafarroako Parlamentuan Barcinaren aurkako zentsura mozioa. Gainera, jakinarazi zuten Juan Carlos Longas aurkeztuko dutela hautagai gisa.