SEO/Birdlife talde ekologistak kezka agertu du, Nafarroako Gobernuak Bardeako Biosfera Erreserban hainbat parke eoliko egiteko asmoa duela eta. Elkarteak ohartarazi du zentral eoliko horiek babes bereziko Natura 2000 Sarearen barruan egin nahi dituztela, eta kalte egingo dietela eremu horretan dauden hainbat espezieri.
Nafarroako III. Energia Planean azaltzen denez, gobernuak bost zentral eoliko eraiki nahi ditu Bardean: 58 energia sorgailu guztira, bakoitza 120 metroko altuerakoa. 2.000 hektarea hartuko dituzte. SEO/Birdlifek gogora ekarri du Nafarroako Gobernuak berak aitortzen duela egitasmoak ingurumenean eragingo duen kaltea, zentralak eraikitzeko egindako Udalaz Gaindiko Eragina duen Proiektu Sektorialean.
Gobernuak 2005- 2010 urte arteko II. Energia Planean ebatzi zuen luzapena ematea zentral eolikoak egiteko proiektuei, baina luzapen hori bertan behera utzi zuen 2007an Nafarroako Justizia Auzitegiak. «Garai ekonomiko oparoetan egin zuen hori auzitegiak», azaldu du SEO/Birdlifeko ordezkari Ramon Elosegik. Haren ustez, luzapena emateko aurreko energia planean jasotzen ziren arrazoiek indarrean diraute gaur egun. Baldintza ekonomikoak eta energia eskaera «nabarmen» aldatu direla adierazi du, eta etorkizunera begira aurreikuspenak ez direla hobeak gaineratu.
Zentral eolikoek ekonomian ere eragin okerra izango dutela ohartarazi du Elosegik. BardeakoBiosfera Erreserbak nazioartetik turistak erakartzen dituela, eta, beraz, erreserba bere horretan mantentzea herrialdeko ekonomiarentzat ona dela ziurtatu du. Gune horretan «bat ez datozen elementuak» eraiki beharrean, zaharkituak geratu diren energia sorgailuak berritzeko eskatu dio elkarteak gobernuari. «Horrek natura industrializatzea eta babestutako eremuei kalte egitea saihestuko luke», esan du Elosegik. Orobat, salatu du gobernuak, zentralak eraikitzeko, Udalaz Gaindiko Eragina duen Proiektu Sektorial bat egin izana: «Udalei eskumena kendu nahi die».
Bardean parke eoliko gehiago egiteko asmoez kezka azaldu du SEO/Birdlifek
Bardeako Biosfera Erreserban 58 energia sorgailu ezarri nahi dituztela ohartarazi du talde ekologistak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu