Felipe VI.a Espainiako erregea eta Uxue Barkos Nafarroako lehendakaria gaur bilduko dira Madrilgo Zarzuela jauregian, 18:00etan. Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidenteak adierazi du "kortesiazko" bilera dela. Gogoratu du Barkosek kargua hartzean esan zuela "estatuari leiala" izango zaiola.
Barkos Espainiako Kongresuko diputatua izanagatik, "bai aurreko eta bai oraingo erregearekin" tratua izan duela azaldu du Aznarezek, eta gaineratu du lehendakariak "Nafarroa leku onean" utziko duela.
Nafarroako lehendakariarena ere estatuko "administrazioetako buruekin" egiten diren "ohiko" bileren artean dago, Espainiako Errege Etxeak zehaztu duenez.
Bardea hizpide
Barkosek berak gaur irrati kate batean jakitera eman duenez, joan den ostegunean Bardean izaniko gertaera jarriko du mahai gainean. "Ahalik eta segurtasun handiena exijitu behar dugu". Halako istripuek turismoan eduki dezaketen eraginez ere kezka agertu du.
Barkosek pasa den asteazkenean hartu zuen bere kargua. Nafarroak duen lehen lehendakari abertzalea da.