Uxue Barkosek gaur Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan esan du ez duela uste Nafarroako Ituna auzitan dagoenik, "are eta gutxiago Nafarroan", baina aitortu du ikusten duela berak Espainian zentralizazio arrisku bat, "inposatzen den oinarrizko legediaren bitartez", eta horren aurrean Eusko Jaurlaritzako presidentearekin "fronte bateratu bat" osatzeko premia azpimarratu du.
Azaldu du Nafarroako lehendakariak PPren azken lau urteetako Espainiako agintaldian gai horri buruzko eztabaida politikoa ostu egin dutela, eta Itunaren eta Kontzertuaren gaia erraminta bat izan dela beti "gaur egungoa bezalako momentuetan erabiltzeko". Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak Kontzertu Ekonomikoaren kupoa aztertzeko agertu duen asmoa testu inguru horretan kokatu du Barkosek.
"Elkartasun faltaz hitz egiten da, eta guztiz kontrakoa da. Itun batetik abiatzen den erraminta bat da, eta Itunaren kasuan Nafarroako autogobernuaren oinarria da", adierazi du Nafarroako lehendakariak. Urkullurekin elkarrekin zer defendatu asko dutela argudiatu du, "logikoki", elkarrekin dituzten interes orokorretan lan egiteko asko. Are eta gehiago orain, eztabaida hori interes elektoral batekin erabiltzen delako, bere ustez.
"Borondatez batzea"
El Correo Español egunkariak atzo argitaratu zuen elkarrizketan Urkulluk esan du Espainiako Konstituziotik atera ezin bada, borondatez batzea planteatu behar dela. "Borondatez batzeaz ari naiz –borondatez banatzea ere izan zitekeen–, Espainiako Konstituzioa jartzen baitigute atera ezin dugun marko bezala. (...) Planteatu dadila ea euskal herritarrek Espainiako estatuari bat eginda jarraitu nahi duten, ez independizatu nahi ote dugun".
Urkulluren arabera ikusarazi nahi duena da Gernikako Estatutuaren lehen artikuluak dioela euskal herria (jatorrizkoan, pueblo vasco) dela erkidego autonomi gisara eratzen dena, eta bere ustez hori, muturrera eramanda, libreki elkartzea erabakitzea izan zen.