udal eta foru hauteskundeen ondorena Nafarroan

Barkosek bi aste barru izan nahi du itunaren "corpusa"

Geroa Baik bere programa hartuko du oinarri, ondoren lan partekatu bat egiteko. "Azpimarratzeko moduko adostasunak" daudela iritzi dio.

Uxue Barkos eta Geroa Baiko ordezkariak, gaurko agerraldian. JESUS DIGES, EFE
2015eko ekainaren 3a
13:00
Entzun

«Aldaketaren» aldeko indar politikoekin bildu ostean, Uxue Barkos Geroa Bairen Nafarroako Gobernuko lehendakarigaiak esan du itunerako «borondatea» ikusi duela eta bi aste barrurako izan nahi duela gobernu akordioaren «corpusa». «Nabarmena da badela programari buruzko akordioaren bide bat», adierazi du Iruñean, azken egunotako bilera sailari buruzko prentsaurrekoan.

PSN indar haien artean ikusten du, EH Bilduz, Ahal Dugu-z eta Ezkerraz gain. Hala, Barkosek azaldu du UPNren gobernu alternatiboa eratzeko nahikoa direla 26 parlamentari, baina «Geroa Bairen anbizioa 33 izatea da». PSNkoaz batuz leudeke 33; bestela, 26. Aldiz, Adolfo Araiz EH Bilduren lehendakarigaiak berriro zehaztu du ez duela PSN gobernuan nahi. «Oposizioan geratzea da PSNk egin dezakeen ekarpenik onena». Izan ere, haren iritziz, PSN gobernuan sartzeak «prozesua nahastu» egingo luke.

Geroa Bai bere hauteskunde proposamenak oinarritzat hartuta hasiko da gobernu programa bat egiten, eta han txertatuko ditu besteen ekarpenak. Zehaztasunetan sartzeko eta programa bat adosteko «lan partekatu bat» egingo lukete ondoren. Hemendik aurrerako lana taldean egitearen alde agertu da Barkos. Gainera, uste du «azpimarratzeko moduko adostasunak» dituztela.

Koalizioan ala ez

Hautekunde kanpainan bezala, esan du balitekeela koalizio gobernu bat osatzeko «zailtasunak» egotea; «baina horrek ez luke eragotzi behar aldaketaren gobernu bat izatea». Haren arabera, lehen bileretan indar batzuk koalizioa egitearen alde daude, eta beste batzuk, ez. «Gobernu berriak 33 parlamentariren babesa izatea da desiragarriena».

Barkosek ez du «gobernu teknokrata bat» nahi, baina Funtzio Publikoaren jakituria baliatu nahi du. Haren beste ardatz bat parlamentuaren kontrol gaitasuna indartzea litzateke.

Egunotan, bilkurak egingo ditu eragile sozial eta ekonomikoekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.