"Hastekotan den primarioen prozesua iragandako denboraren jarraipena izan daiteke, edo barne gatazkak behin betiko gainditzeko aukera, pluraltasunari balioa eman eta ezinikusiak atzean utziz". Sinatzaileen ustez, proiektu garbi bat izango duen zuzendaritza aukeratzeko erronka dute aurrean Ahal Dugu-ko kideek. Ildo horretan, "etorkizuna irabazteko" indarrak batzeko deia egin dute.
Dokumentuan, azken urtean lortutako emaitzak goraipatu dituzte: “Ahal Dugu osatzen dugunok maila eman dugu: etapa berri bat ireki nahi genuen euskal politikan eta estatu mailakoan, eta lortu dugu”. Alternatiba “zabalagoa eta indartsuagoa” eraiki eta horren buru izateko gai izan behar dutela azpimarratu dute dokumentuan, hala, “behin betiko amaitzeko instituzioetan babestutako euskal kasta, EAJ izanik horren adierazlerik gorena”.
Alde horretatik, sinatzaileen ustez "beharrezkoa da ulertzea azken lau urteotan ziklo sozial eta politiko berri bat" zabaldu dela, eta horrek "konplexurik eta aurreiritzirik gabe" hitz egitera behartzen dituela aldaketaren beste eragile batzuekin.
Larunbatean egingo dute batzarra, baina oraindik ez dute zehaztu ez lekua ezta ordua ere. Primarioei ekin aurretik militanteen kezkak eta iritziak ezagutu eta elkarbanatzeko bilera izango da, eta gerora antolatuko dituzte lurraldekako batzarrak.
Gipuzkoako diputatu Nagua Alba, Lander Martinez Bilboko Ahal Dugu-ren idazkari nagusia eta Bizkaiko diputatu Eduardo Maura daude hemezortzi sinatzaileen artean.