Politika

Barne prozesua bideratzea ardura nagusi dutela, opor osteko lehen bilera du gaur EBBk

EAJko bi sektoreetako buruzagiak isilpeko negoziazioan ari dira, barne prozesua bakean egiteko asmoz.

2007ko abuztuaren 27a
16:28
Entzun
EAJren zuzendaritzak, EBB, gaur Donostian ari da egiten opor osteko lehen bilera, eta oso litekeena da mahai gainean izatea une honetan buruzagi jeltzaleen ardura nagusia den gaia: zuzendaritza berritzeko barne prozesua bakean egiteko moduan bideratzea. Hots, azken urteetan aurrez aurre izan diren bi sektoreen arteko lehia leundu, hitzarmenetara heldu, eta prozesuari batasunaren bidetik heltzekoa.

Hain zuzen ere, bi sektoreetako ordezkariak isilpean negoziatzen ari dira datozen urteetarako ildo politikoa zehazteko. Besteak beste, Iñigo Urkullu, Josune Ariztondo, Iñaki Gerenabarrena eta Joseba Egibar ari dira negoziazio horietan parte hartzen.

Bitartean, EAJko militanteek zain jarraitzen dute. Joan den maiatzean EBB berritzeko barne prozesua abian jarri zenean, zuzendaritzaren gutun bana jaso zuten. Eskutitz haren arabera, eztabaidarako lau txostenak uztailaren 7a baino lehen jasoko zituzten. Antolakuntzari buruzkoa jaso zuten, baita gizarte politikei eta kulturari buruzkoak ere, baina garrantzitsuena, datozen urteetako ildo politikoa proposatuko duena, ez dute jaso oraindik, hori baita bi sektoreak negoziatzen ari direna.

Duela lau urtekoa errepikatzeak alderdiari hondamendia ekar liezaiokeela ondorioztatu dute, nonbait, bi aldeek. Lau urteotan bi sektoreen arteko leizea handitu besterik ez da egin, gainera, eta EBBko buruzagitzaren eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren diskurtsoen arteko aldea nabarmenagoa egin da denborarekin.

Negoziazioa ez da txosten politikoari buruz bakarrik. Alderdiaren estrategia orokorrari buruz da eta, beraz, Juan Jose Ibarretxek Eusko Jaurlaritzatik sustatu beharreko bidea ere mahai gainean dago, EBBren eta Ibarretxeren ildoak bateragarri egin behar direla jakitun.

Izen-abizenez ere negoziatu beharko dute. Bi sektoreen proposamen estrategikoen artean erdibidea topatzea lortuz gero, EBBrako barne hauteskundeetan bi sektoreen arteko borroka errepikatzea saihesteko lehen urratsa egingo lukete. EBB berria hitzartzea litzateke hurrengoa, eta bi aldeek onartzeko moduko lehendakaria izendatzea. Zaila litzateke, ordea, lau urteotan ildo batean edo bestean lerratu ez den buruzagia topatzen. Presidenteak batekoa eta bestekoa beharko lukeenez, EBBren osaketa osoa hitzartzea litzateke irtenbidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.