alderdien legea

Barrena: “Ez da zilegi Alderdien Legearen kontra agertu, eta aldi berean horretaz baliatzea”

Alderdien Legea kritikatu arren horretaz “baliatzea” leporatu dio Batasunak EAJri. ‘Apartheid’ politikoa gainditzeko EAJri, EAri, EB-Berdeei eta Aralarri egindako proposamenari EAk eta Aralarrek eman dien erantzuna bide egokitik doala uste du Batasunak, Pernando Barrenak prentsaurrekoan azaldu duenez. Alderdien Legearen aurka dauden alderdiekin bilerak egingo ditu Batasunak irailean.

2005eko abuztuaren 24a
17:13
Entzun
Jaso dituen erantzunen aurrean esan du ez dela zilegi Alderdien Legearen kontra azaldu eta, aldi berean lege horretaz baliatzea norberaren zinegotziei heusteko. EAJri leporatu dio hori egitea. ‘Apartheid’ politikoa gainditzeko alderdi politikoei egindako deiaz mintzatu da Batasuneko bozeramaile Pernando Barrena, goizean Batasunak eman duen prentsaurrekoan.

Alde horretatik Batasunak “positibotzat” jo ditu EAren eta Aralarren aldetik jasotako erantzunak, hitz egiteko prest agertu direlako behintzat. Baina EAJri “eskuak gurutzatuta” geratzea leporatu dio Batasunak, eta arazoa orain konpondu behar dela esan dio.

Gainera, jeltzaleek leporatuta bezala, kanpaina hau EAJ eta EAko zinegotziek jasaten duten “presioa estaltzeko” dela ukatu egin du Batasunak. “Urkullu jaunari eta EAJri, hain zuzen, esan nahi diet mehatxurik handiena herritarrek aukeratutako karguek jasaten dutela, ezin dutelako beren karguen jabe egin”, adierazi du Barrenak. Hori demokraziari eta herritarren eskubideei egiten zaien “mehatxurik handiena” dela gaineratu du, euskal herritarrak “eskubide politiko eta zibilik gabe” uzten dituelako.

Alderdien Legearen aurka dauden alderdi guztiekin egoera konpondu nahian irailean bilerak egingo dituela adierazi du Batasunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.