EZKER ABERTZALEA

Barrena: "Ikusi dugu biktima izaerak duen sufrimenduak ez duela kolorerik edo ideologiarik"

Lehengo astean Katalunian biktimei buruzko mahai inguru batean egon ostean, horren inguruko gogoetak egin ditu bere blog berrian ezker abertzaleko kideak. Biktima guztiak izan ditu gogoan. Azaldu du autokritika egitea garrantzitsua dela, eta beste alderdiek ez egitea ezin dela oztopo izan ezker abertzalearentzat.

2012ko azaroaren 30a
13:39
Entzun

"Biktimen testigantzek zuten sufrimendua guretzako ezezaguna zen eta kontakizun horietara hurbiltzeko aukera izan genuen". Pernando Barrena ezker abertzaleko kideak bere hausnarketan dio "oinarri emozional" handia izan zuela mahai inguruak, hori pentsatu zutela ezker abertzaleko kide Txelui Morenok eta berak. Batetik, aurrean indarkeriaren biktimak izatea ardura handia zelako, eta, bestetik, galdutako lagunak, erbestean daudenak edo espetxeratuak buruan izan zituztelako. "Ikusi dugu biktima izaerak duen sufrimenduak ez duela kolorerik, ideologiarik, identitate nazionalik edo bestelako inguruabarrik", idatzi du bere blog berrian.

Autokritika gaitasunaren garrantzia nabarmendu du Barrenak. Adierazi du autokritika egitea oso garrantzitsua dela eta beste alderdiak ez egiteak ez duela ezker abertzalearentzat oztopo izan behar. "Egingo dute, egin beharko dute", azaldu du. Bake prozesua bide honetik eraman nahi badute, eta normalkuntza politiko eta soziala lortu nahi badituzte "haien ardura onartu beharko dute", haren esanetan. Haiek sortu duten sufrimenduari eta minari erreparatu beharko diotela uste du. Besteren artean dispertsioa, hildakoak, GAL eta tortura izan ditu gogoan.

Horrez gain, mahai inguruan parte hartu zuten guztiek ideia bera argi zutela adierazi du, garrantzitsuena momentua aprobetxatzea dela esan zutela. Hala, biktimek pasatutako sufrimendua pertsona gehiagok ez bizitzeko. Horrek izan beharko luke helburu nagusia, Barrenaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.