ETAk egin berri duen iragarpenaz mintzatu da gaur goizean, Donostian, Pernando Barrena Sortuko bozeramailea. Esan duenez, "desiragarria litzateke helburu politikoekin bortxakeria erabiltzen duten gainontzeko eragileek ere bide horri ekitea". Nabarmendu du ETAren iragarpenak jardun armatua uzteko erabakia "atzeraezin" bihurtzea bermatzen duela. "Konpromiso partekatuak" behar direla dio Barrenak, besteak beste, presoen egoera konpontzeko eta erabakitzeko eskubidea gauzatzeko.
Atzo, iragarpena plazaratu eta biharamunean, hainbat alderdi eta eragileren erreakzioak iritsi ziren. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen ustetan, gizarteak "ez zuen merezi" ETAk 2011ko urriaren 20an jardunaren behin betiko amaiera iragarri arte emandako "tratu ankerra", eta "gaur egunean ez du merezi, 33 hilabete geroago, ETArengandik jasotzen ari den tratua". Erkorekaren arabera, ETAk bere interes partikularren arabera gauzatu nahi du behin betiko amaiera. Bilbon egin zituen adierazpenok.
Aralarren ustez ere "berri bikaina eta onuragarria da ETAk armagabetzea gauzatzea eta erakunde zibila bihurtzea". Alderdiak dioenez, "ekarpen garrantzitsua" da elkarbizitzari dagokionez. "ETA erakundearen azken komunikatua ulertu behar da, eta soilik uler daiteke zentzu batean: ETAk armagabetzea aldebakarrekotasunez egin du, eta, horren ondorioz, ETA erakunde zibila bilakatu da".
PSE-EE eta PPrentzat, ordea, iragarpenak ez dakar aurrerapausorik. PSE-EEk ETAri eskatu dio utz diezaiola "pauso txikiak" iragartzeari, eta "desegin dadila behingoz, armak entregatu ondoren". Alderdiak ohar batean adierazi duenez, ETAk jakin behar du gizarteak ez dituela "luzamenduak eta kalkulatutako maniobrak" onartuko "egiteko" geratzen zaion bidean.
Anton Danborenea PPko Bizkaiko ordezkariaren ustez, ETAk "armak entregatu gabe jarraitzen du", eta "ez du desegiteko inolako asmorik". Desegitea ez den beste edozer "albiste txarra" izango dela iritzi dio, "bai biktimentzat, baita herrialde honetako demokrata guztientzat ere".
Eragileen babesa
Lokarrirentzat "pauso positibo bat" da; aldi berean, eta Espainiako Gobernuaren "kolaborazio faltaren aurrean", armagabetze prozesua ahalik eta denbora tarte laburrenean bururatzeko deia egin dio.
Martin McGuinness nazioarteko bitartekarietako batek ere —Jonathan Powellekin Euskal Herrian egon berria da— ongietorria eman dio ETAren iragarpenari, Twitter bidez. Arnaldo Otegi aske uztea bake prozesuarentzat onuragarria litzatekeela gaineratu du:
I welcome ETA's statement on dismantling its military structures. Release of @ArnaldoOtegi would further enhance the #Basque Peace Process.
— Martin McGuinness (@M_McGuinness_SF) July 20, 2014