Tortura, Euskal Herriaren kontrako estatu tresna ekitaldia egin du gaur Sortuk Basaurin (Bizkaia), eta torturaren biktima izan direnak omendu ditu; besteak beste, Joxe Arregi, duela 34 urte hila. Alderdiak gogorarazi du, batzuek tortura frankismoarekin amaitu zela sinestarazi nahi duten arren, 1960 eta 2013 urteen artean 3.587 kasu frogatu ahal izan direla.
Jaurlaritzaren txostena ez da, ordea, tortura kasuak argitara atera dituen bakarra. Joan den hilaren amaieran tortura amaitzeko "borondate politikorik eza" gaitzetsi zuten giza eskubideen alorrean lan egiten duten sei erakundek, tartean, Amnesty International.
Hala, Sortuk salatu du kolore desberdinetako gobernuen babesa izan duela torturak, eta zenbait hortaz baliatu izan direla urte luzez. "Batzuek interes berezia dute gatazka konpon ez dadin, dirutza egin dutelako horren kontura", salatu du Pernando Barrena eledunak.
Bestalde, "benetako bizikidetza" lortuko bada egia ezagutu beharra dagoela ohartarazi du Barrenak. "Urteetan indarrean egon den idatzi gabeko lege horietako bat izan da tortura bera eta haren inguruan ezarritako isiltasun politiko eta mediatikoa", nabarmendu du Sortuko bozeramaileak, eta ohartarazi du PP, PSOE eta EAJren arteko "estatu akordioek" horretarako baliabideak eskaintzen dituztela.
Estatuak "estatu terrorismoa, tortura eta giza eskubideen urraketak" Euskal Herriaren bidea "oztopatzeko" erabiltzen duela adierazi, eta horren aurrean Euskal Bidearen aldeko apustua egiteko beharra nabarmendu du Barrenak. "Duintasuna, justizia soziala, berdintasuna, libre erabakitzeko aukera eta askatasuna dira Estatuaren errepresioa jasan dutenei eskaini dakiekeen ordaindik eraginkorrena".