Pernando Barrenak adierazi du ezker abertzaleak "erabat baztertzen" dituela kale erasoak, eta ohartarazi du "jarrera horrek, ekintza horiek eta egileek" ez dutela haien "inolako babes politiko, humano edo bestelakorik".
Bakearen aurkako gerra zikina izenburua jarri dio artikuluari. "Bakearen etsaiei baino ez diete egiten mesede sabotaje horiek", Sortuko eledunaren ustez; kasurako, iritzi dio euskal presoen kontrako "espetxe politika kriminalari" eutsi nahi diotenei egiten diela mesede. Era berean, ezkerreko independentisten aurkako probokaziotzat jo ditu erasook. Aipatu du ez dutela daturik egileak zein diren jakiteko.
Ezker abertzaleak Zutik Euskal Herria adierazpenean bide politiko, baketsu eta demokratikoen alde egin zuela gogoratu du Barrenak.
ETAk larunbateko agirian azaldu zuen ez dutela erakunde armatuaren babesik "egungo estrategiari kalte egin eta Askapen Mugimendua zatitzeko helburuarekin eusko gudarien memoria eta ezker abertzalearen ohiko ikur eta aldarrikapenak maltzurkeriaz erabiltzen ari direnek".