ETAk Gudari Egunaren harira atzo Gara egunkarian kaleratutako agiriari buruz gogoeta ezberdinak egin dituzte alderdi batzuek eta besteek. Hala, erakunde armatuak ezker abertzaleari «akatsak zuzentzeko» eta erronka berriei aurre egiteko egindako deia hizpide hartuta, Pernando Barrenak esan du ez duela uste ETAk ezker abertzaleari «kargu hartu» dionik bake eta normalizazio prozesuan egindako lanagatik. Areago, azpimarratu du ezker abertzaleak «autokritika» handia egin duelaazken urteotan: «Esango nuke aldatu egin dela, hobetzeko gogoarekin, tresna garrantzitsua bilakatzeko, baina ez independentzia eta sozialismoa lortzeko bakarrik, baita gatazka politiko eta armatua amaitzeko ere».
Bake eta normalizazio prozesuan egindako kudeaketaz «harro» dago ezker abertzalea, Barrenaren arabera. Adierazi duenez, gaizki egindakoaz hausnarketa egin du, eta adiskidetzearen inguruan izan duen jarrerari «osoko zuzenketa» jarri dio, gatazkaren ondorioz sufritu duen pertsonarekin konpromisoa hartuta.
Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaiaren ustetan, berriz, ETAren agiria «elkarrizketaren eta gatazka konpontzearen aldeko adierazpena» da. Hala, agiria «positiboa» dela esan du: «Elkarrizketaren aldeko edozein adierazpen, edozeinen partetik datorrela ere, baikorra da, eta ildo horretan dago EH Bildu».
«Autokritikarako elementuak»ikusi ditu Oskar Matute Alternatibako eledunak ETAren agirian, eta baztertu egin du erakunde armatua ezker abertzalearekiko eta EH Bildurekiko «tutoretza lana» egiten ari denik. Autokritika egin izana euskal gizartearen nahiarekin eta bake prozesuarekin zerikusia duten eragile guztien nahiarekin bat datorrela iritzi dio, gainera. Halaber, uste du ETAk elkarrizketa eta negoziazio prozesuarekin «engaiatuta» segitzen duela.
Ildo beretik jo du Aralarrek ere: «ETAren agiriak berresten du bake prozesuak atzera bueltarik ez duela», adierazi du ohar batean. Aralarren ustez, horrekbalio beharko luke, batetik, Espainiako eta Frantziako gobernuak mugiarazteko eta, bestetik, alderdien arteko salbuespenik gabeko elkarrizketa abian jartzeko.
Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak, bestalde, ezker abertzalearekiko kritikak sumatu ditu ETAren agirian. Adierazi du ezker abertzaleak EH Bildu koalizioaren barruan eman nahi duen irudia ez datorrela bat ETAk urteetan eman nahi izan duenarekin, eta «agian» erakunde armatuak ez duela hori gustuko. Urkulluk «tentsioak» ikusten ditu ezker abertzalean, eta ETAri buruz zer pentsatzen duen argi esateko eta «zalantzak» uxatzeko eskatu dio.
Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren ustetan, berriz, «sarkasmo handia» da ETAk Espainiari eta Frantziari sufrimendua eragitea egoztea, eta hauteskunde kanpainan sartu nahi izatea egotzi dio: «Lehen, armen bidez; orain, agiriekin». Lopezek nabarmendu du bera lehendakari izan den legealdian utzi dituela ETAk armak, eta «30 urtez indarkeria txalotu dutenei» iraganekiko duten erantzukizuna aitortzeko eskatu die.
PPkoentzat, «hauteskunde kutsua» du ETAren agiriak. Leopoldo Barreda eledunaren ustez, «etsita» mintzo da ETA, eta horrek erakusten du «demokrazia» garaile atera dela.
Ezker Batuaren irudiko ere,ETAk «kargu hartu» dio ezker abertzaleari, bide instituzionala hartu duelako. EBk eskaria egin dio ETAri: «Askapen prozesuarekiko benetako konpromisoa agertu eta bakean utz gaitzala».
Barrenak ez du uste ETAk kargu hartu dionik ezker abertzaleari
Mintegik dio «elkarrizketaren aldeko adierazpena» dela ETAren agiria, eta Matutek uste du baduela «autokritika»ETAz zer pentsatzen duen «argi» esateko eskatu dio Urkulluk ezker abertzaleari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu