Duela 15 urte ETAk hildako Joxe Mari Kortaren omenaldiaren harira jasotako kritikekin haserre agertu da Sortuko Pernando Barrena. Aurreko larunbateko ekitaldian "Sortuko inor ez" parte hartzea eta Zumaiako Udalak omenaldiaren karietara kaleratutako agiriarekin bat ez egitea leporatu diote ezker abertzaleari EAJk, PSEk, PPk eta Roberto Uriarte EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusi nagusiak.
Kritika horiei erantzunez, Barrenak esan du oinarririk ez dutela, eta hiru alderdi horiei zehazki leporatu die ETAren indarkeriaren biktimen mina erabiltzea ezker abertzaleari "kalte politikoa" egiteko.
Barrenak salatu duenez, alderdi horiek ez dute egia osoa kontatu. Azaldu du Sortuko "militante" batzuek parte hartu zutela ekitaldian eta baita Zestoako eta Zumaiako EH Bilduko hautetsi batzuek ere. Gogoratu du aurreko urtean eginiko ekitaldian izan zirela Sortukoak, aurretik Korta Fundazioarekin "landu" egin zutelako gaia. Hala, salatu du EAJren udal taldeak ekitaldiaren aurretik PSErekin adostu zuela testu bat "jarrera bat inposatzeko" eta giroa nahasteko. Barrenak dio halako jarrerekin euren erantzukizunak ezkutatu nahi dituztela alderdi horiek. "Denoi dagokigu iraganaren irakurketa kritikoa egitea".
PSEk, ohar batean, "moralik gabekotzat" jo ditu Barrenaren azalpenak. "Ahaztu egiten du Batasunak txalotzen zituela ETAren ekintzak". PPko Laura Garridorentzat "deitoragarriak" dira Sortuko kideak esandakoak.