Polizia operazioa

Bart ere zenbait etxe miatu ditu Guardia Zibilak Getxon eta Berangon

Atzo arratsean Marimertxe Alcocer eta Maribel Prieto atxilotu zituzten Getxon eta Berangon, astelehenean Irunen atzemandako hiru lagunekin lotuta. Inkomunikatuta jarraitzen dute guztiek, baina Irunen atxilotuei torturaren aurkako protokoloa ezarri diete. Aitzol Iriondo, Eneko Zarrabeitia eta Aitor Artetxe bihar eramango dituzte epailearen aurrera, Parisen.

2008ko abenduaren 11
16:42
Entzun
Bart goizaldean Getxon eta Berangon (Bizkaia) miaketak egiten jarraitu du Guardia Zibilak, astelehenean Irunen (Gipuzkoa) atxilotutako hiru lagunekin lotuta. Efe albiste agentziak eman du horren berri, polizia iturrietan oinarrituta. Noren etxeak diren ez dute zehaztu.

Atelehenean abiatutako polizia operazioarekin lotuta beste bi lagun atxilotu zituzten atzo arratsean: Marimertxe Alcocer Getxon eta Maribel Prieto -astelehenean Irunen atzemandako Amets Ladislaoren pisukidea- Berangon.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak gaur goizean agertu duenez Alcocer atzo arratsaldeko zazpiak laurden gutxi aldera atzeman zuten, Getxoko Erromo auzoko Herriko Tabernara zihoanean. Poliziek haren etxekoei esan dietenez Madrilera eraman dute dagoeneko eta torturaren aurkako protokoloa ezarri diote.

Maribel Prieto, berriz, ordubete beranduago atxilotu zuten, Berangon. 19:30 inguruande bat jaso zuen guardia zibilak zirela eta epaileak etxeari zigilua kentzeko agindu ziela esanez; zigilua kentzeko etxera agertzeko agindu zioten. Lagun batekin joan zen etxera Prieto, eta iristean hiru guardia zibilek atxilotuta eraman zuten auto batean. Prieto astelehenean atxilotutako Amets Ladislaoren pisukidea da, eta astearte gauean bere etxea miatu zuen Guardia Zibilak, 22:00etatik asteazken goizeko bostetara. AAMren arabera, bortitza izan zen miaketa: besteak beste, atea goitik behera bota zuten barrura sartzeko eta etxe guztia nahastu zuten.

Horrenbestez, zortzi dira astelehenan Gerden (Pirinio Garaiak, Frantzia) hasitako polizia operazioaren ondorioz atxilotutakoak. Gerden Aitzol Iriondo, Eneko Zarrabeitia eta Aitor Artetxe atzeman zituzten. Ordu batzuren buruan, Amets Ladislao, Javier Gutierrez eta Ibai Egurrola Irunen (Gipuzkoa), muga inguruan. Atzo, berriz, arestian aipatutako Marimertxe Alcocer eta Maribel Prieto.

Iriondo, Zarrabeitia eta Artetxe bihar eramango dituzte epailearen aurrera, Parisen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.