Bart gaueko ETAren atentatua arbuiatu du Derioko EAE-ANVren udal taldeak

ETAk Derion (Bizkaia) PSE-EEren kontra egindako atentatua arbuiatu du Derioko EAE-ANVren udal taldeak. "Era honetako indarkeria ekintzek ez dute inora eramaten. Sufrimendua luzatu eta Euskal Herrian bizi den gatazka konpontzea zaildu baino ez dute egiten". Oharrean, Derioko EAE-ANVren udal taldeak dei egiten die ETAri eta Frantziako eta Espainiako gobernuei "errepresio eta indarkeria ekintza guztiak" amaitzeko. Era berean, elkartasuna adierazi diete Derioko PSE-EEri eta atentatuan kaltetutako herritarrei.

2008ko otsailaren 29a
20:23
Entzun
Goizaldeko ordubatak aldera egin du eztanda, ETAren izenean ari zela esan duen norbaitek Sos-Deiaken abisua eman eta ordubete ingurura. Kalteak eragin ditu PSE-EEren egoitzan zein ondoko etxeetan, baina ez du inor zauritu. Derioko Udalak protesta bilkura antolatu du arratsaldeko zazpietarako.

Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak zabaldu duenez, hiru kilo amonalek osatzen zuten bart goizaldean ETAk Derioko (Bizkaia) PSE-EEren egoitzan zartarazi duen lehergailua.

Gernikako Arbola kalean dagoen sozialisten egoitza, eta lokalean ez ezik, kale horretako 8, 10 eta 12 atarietako etxebizitzetan kalte materialak eragin ditu, batik bat, 10ean. Hain zuzen ere, atari horretako bizilagunek ezin izan dute beren etxeetara itzuli goizaldeko hirurak arte. Kalte materialak handiak izan diren arren, inor ez da zauritu.

Gaueko hamabiak eta hamar aldera dei bat jaso dute Bizkaiko Sos-Deiaken: ETAren izeneanari zela esan duen norbaitek Derioko PSE-EEren egoitzan lehergailua jarri dutela eta ordubata inguruan zartatuko zela ohartarazi du. Lokal horren atarian motxila bat eta poltsa bat zeudela ikusi du Ertzaintzak, eta inguruko atarietako bizilagunak beren etxeetatik aterarazi dituzte. ETAren izenean deitu duen pertsonak iragarri bezala, goizeko ordubatak pasatxo zirela egin du eztanda lehergailuak. Egoitzako atean eta barruan kalte handiak eragin ditu, eta inguruko zenbait etxetan ere bai, batik bat, leiho eta kristaletan. Goizean zehar, 20 bat bizilagun igaro diraudaletxera kalteordainak jasotzeko egin behar diren tramiteak egitera.

Polizia iturrien arabera, burua estalita zeramaten bi lagunek jarri dute lehergailua, eta eztanda uhina egoitza barrura sartzeko eran ezarri dute.

Goizeko ordubiak aldera erasoa jasan duen egoitza bisitatu du Rodolfo Ares PSE-EEko Antolakuntza idazkariak. Derioko Udalak, berriz, bilkura berezia egin du goizean atentatua gaitzesteko, eta, halaber, protesta bilkura antolatu du arratsaldeko zazpietan Herriko Plazan. EAJ, PSE, EA eta PPko zinegotziek bat egin dute gaitzespenarekin. EAE-ANVko zinegotzi bakarrak ez du batzarrean parte hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.