Konponbideari begira

Bartzelonako Udalak konpromisoa hartu du Euskal Herriko bake prozesua "laguntzeko" eta "errazteko"

Barcelona En Comuk, PDeCATek, ERCk, PSCk, CUPek eta zinegotzi independente batek babestu dute bake prozesuaren aldeko adierazpena.

Bartzelonako adierazpena sinatu duten taldeetako ordezkariak, gaur, Bartzelonako udaletxean. FORO SOZIALA
2018ko ekainaren 29a
18:13
Entzun

Ciudadanosek eta PPk izan ezik, Bartzelonako udalbatzarreko gainerako talde guztiek babestu dute Euskal Herriko bake prozesua "laguntzeko" eta "errazteko" konpromisoa jaso duen adierazpena. Testuak oinarri hartu du joan den ekainaren 13an Bartzelonan egin zen Construint la pau [Bakea eraikitzen] jardunaldia. Hainbat adituk, indarkeria desberdinen biktimek, eta Kataluniako alderdi politikok Euskal Herriko bake prozesua babesteko konpromisoa hartu zuten jarnunaldi horretan, lau ardatzen inguruan. Oinarri berak egin ditu bere Bartzelonako Udalak ere.

Adierazpenak jasotzen duenez, Bartzelonak "Euskal Herriko bizikidetzarako giza eskubideen babesa ardatz nagusitzat eta erreferentzia bakartzat hartzea" babesten du, baita giza eskubideen urraketak "ez errepikatzeko bakearen kultura sustatzea ere".

Horrez gain, biktimek egia, justizia eta ordainerako eskubidea dutela aldarrikatu du. ETAren biktimak eta "50 urteko gatazkan izan diren gainontzeko indarkeria adierazpenen" biktimak aipatu ditu.

Euskal presoei ere egin die erreferentzia. "Jaioterrira edo familien bizitokira gerturatzea, gaixo dauden espetxeratuen tratu humanitarioa eta beste estatuetan betetako kondenen pilatzea ahalbidetzen duen espetxe politikaren aplikazioa sustatzea" adostu dute taldeek, "legedi europarrak eta giza eskubideen estandarrek aurreikusten duten bezala".

Presoei "egindako mina aitortzea" aholkatu diete, "gatazkaren biktima desberdinen adiskidetzea eta elkar ezagutzea asetzeko".

Adierazpenaren esanetan, Euskal Herria "agertoki berri batean" dago, "bizikidetzaren, bakearen eta adiskidetzearen aldeko testuinguruan murgilduta". Bartzelonako Udalak "indarkerien kontrako manifestazio jendetsuen aurrekaria izanik eta, aldi berean, terrorismoaren basakeria pairatu ondoren, euskal gizartearen pluraltasuna babestu nahi du, etapa berri bat sendotzeko bidean".

Udalbatzarrak adierazi du, "Hipercor-eko atentatuaren 30. urteurrenarekin batera", urrats berri bat eman nahi duela hildakoen eta euren familien memoriaren oroimenean. "Eta egin nahi du, etorkizunera begiratuz, gertakari horiek sekula errepikatu ez daitezen, eta bakearen kultura eta ez errepikatzearena zailtzen duten mendeku jarreretatik urrun".

Bartzelonak elkartasuna agertu dio euskal gizarteari "erakunde, alderdien gehiengo eta gizarte zibilaren bitartez, askatasun,elkar ezagutze, bizikidetza eta biktima denen mina sendatua izateko etorkizunaren alde" egiten ari den lanean. "Katalunia eta Euskal Herriaren arteko loturak interpelatzen gaitu, giza eskubideen aldeko gizartea garen heinean".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.