PSE-EEk hurrengo egunetan hasiko du Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza izango duten alderdiekin bilera saila, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia izateko asmoz Eusko Jaurlaritzako hurrengo lehendakaria, baina gaur Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak aitortu du sozialistekin harreman "informalak" izan dituztela akordioa lortzeko. "Oso jarrera ona dago akordiorako", adierazi du gaur Basagoitik Radio Nacional Espainiako irratian, eta "legealdirako itun egonkorraren alde" mintzatu da.
Horrez gain, EAJrekiko bilera bukatutakoan Basagoitik berretsi du bere alderdiak "alternatiba eraiki" nahi duela, "aldaketa politikoa eragiteko, terrorismoa garaitzeko eta bakean eta oparotasunean bizitzeko". "Alternatiba ez da bakarrik Patxi Lopez, PSEren eta PPren batuketa baizik", nabarmendu du.
PSOEk eta PPk Espainiako Estatuan dituzten desadostasunak "alde batera utzi" beharko lituzkete Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Basagoitiren iritziz.
Emaitza ofizialaren arabera, EAJk 30 legebiltzarkide lortu zituen martxoaren 1eko hauteskundeetan. Aralarrek 4, EAk 1, EBk 1. PSE-EEk 25, PPk 13, UPDk 1. D3M baliogabeak, berriz, 7, bere botoak kontuan hartuko balira. Azken hauek kontuan hartuz gero, alderdien eserleku banaketa hauxe litzateke: EAJ 28; PSE-EE 23; PP 11; D3M 7; Aralar 4; EA 1; UPD 1; EB 0.
PSE-EEk ostiralean erdietsi zuen 25. legebiltzarkidea, Araban, kanpoko botoak zenbatuta. Ordura arte EArena zen 25. aulki hori. Hala, PSE-EEk UPDren babesaren beharrik ez luke izango Lopez lehendakari izendatzeko, nahikoa luke PPrena.
EAJk gaur eguerdian bukatu du beste alderdiekin lehen bilera saila, PPrekin egin duen batzarrean. Eta berriro ikusi da Juan Jose Ibarretxe EAJko lehendakarigaiak ez duela, oraingoz, lehendakari izateko nahikoa babes, PPk iragarria duelako Patxi Lopezen alde egingo duela inbestidura saioan -Lopezek jakinarazia du aurkeztu egingo dela-.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak
Basagoiti: "Alternatiba ez da bakarrik Patxi Lopez, PSEren eta PPren batuketa baizik"
"Oso jarrera ona dago akordiorako", adierazi du PPko buruak. EAJk gaur bukatu du beste alderdiekin lehen bilera saila, PPrekin egin duen batzarrean, eta berriro ikusi da Ibarretxek ez duela, oraingoz, Jaurlaritzako lehendakari izateko nahikoa babes.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu