politika

Basagoiti: "EAk eta Batasunak helburu antidemokratikoak defenditzen dituzte elkarrekin"

EAk bilera eskatuz gero, EAEko PPko presidenteak ez du ziurtatu hartuko duela. "Noren izenean etorriko litzatekeen ikusi beharko".

2010eko irailaren 16a
10:53
Entzun
Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentearen ustez, "EAk eta Batasunak elkarrekin defenditzen duten proiektua haizea hartzera bidaltzeko modukoa da, helburu antidemokratikoak defenditzen dituztelako".

Pello Urizar EAko idazkari nagusiak aste honetan jakinarazi du aurki PSE-EErekin bilduko dela bere alderdia, eta EAEko PPri ere eskatu diotela batzarra. Basagoitik adierazi du oraindik ez dutela eskaerarik jaso, eta ikusiko dutela EA hartu edo ez. "Noren izenean etorriko litzatekeen ikusi beharko".

PPko buruaren arabera, "ETA garaitu" daitekeela ikusi da honen azkeneko adierazpenean -ETAk irailaren 5ean jakinarazi zuen eraso ekintza armaturik ez egiteko erabakia hartua duela-, eta "Batasunak ikusi du aukerarik ez duela bere egitasmoa aurrera ateratzeko. Ondo datorkie kartzela [Arnaldo] Otegiri-eta".

EAk eta ezker abertzaleak Lortu arte lankidetza akordioa sinatu zuten ekainaren 20an, bide politikoen eta euskal estatuaren aldekoa, eta hori eta horren garapena azaltzeko elkarrekin batzarrak egin dituzte azkeneko asteetan Aralar, Alternatiba, sindikatu eta gizarte eragileekin. EAJrekin ere batu da EA. Urizarrek aipatu du EAren apustua ekaineko akordio zehatz horretatik "harantz" egindakoa dela.

EAk ezker abertzalearekin ere badu akordioa sinatua, Nafarroaren "aldaketa" lortzeko, baina ez dituzte hauteskundeak aipatzen. Lehengo ostiralean sinatu zuten dekalogoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.