Bereari eusten dio PPk. Ez du jarrera aldatu nahi. Ezker abertzalearekin hitz egiteari uko egiten jarraitzen dio. Irmo. Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak argi utzi du elkarrizketaren ateak itxita daudela ezker abertzalearentzat, harik eta ETAri armak utzi eta desegiteko exijitzen ez dion bitartean. PPren zuzendaritzak Madrilen egin duen bilerara sartu aurretik kazetariekin egon da Basagoiti, eta bertan egin ditu adierazpenok. Esan duenez, ezker abertzaleak ez du «inolako aukerarik» PPrekin hitz egiteko, eta ezer baino lehen, ETAri armak uzteko eskatu behar dio, horixe egin behar du.
Erakunde armatuak indarkeria bertan behera utzi zuenetik, prozesuak aurrera egin dezan PPri urratsak egiteko eskatu dio maiz ezker abertzaleak. Aro berrian PP mugi dadin eta prozesuarekin engaia dadin saiatzen ari da ezker abertzalea, modu publikoan zein pribatuan. Konponbidea lortzeko bidean gainerako alderdi politikoekin harremanak lantzen dabil, eta sarritan adierazi du PPren parte hartzea ere beharrezkoa dela prozesua muturreraino eramateko.
Horren ildotik, La Razón egunkariak atzo argitaratu zuen ezker abertzaleak eskutitzak bidali dizkiela PPko hainbat buruzagiri irtenbide demokratikoak eskatzeko eta elkarrizketarako eskaintza egiteko. Informazio horri buruz galdetu diote Basagoitiri, eta hark onartu egin du ezker abertzalea «aspaldi» saiatzen ari dela PPrekin harremanetan jartzen baina PPkoek ez dutela hitz egin harekin. Adierazi duenez, ezker abertzaleak «jai» dauka PPrekin harremanak landu nahi baditu,beraiekin negoziatzeko «inolako aukerarik» ez duelako.
EAEko PPko buruzagiaren ustetan, ezker abertzaleak «errua» aitortu beharko luke, eta bere «lehengusuei» armak entregatzeko eta herritarrak «bakean» uzteko exijitu beharko lieke. Hori egiten ez duen bitartean, baina, «luze itxaron» beharko du ezker abertzaleak PPrekin hitz egitera esertzeko. Basagoitik nabarmendu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Bildu legeztatu zuenetik «333 egun» pasatu direla baina ezker abertzaleak, zeinak oraindik koalizio hori osatzen duen, ez duela gaitzetsi indarkeria: «Gutunak bidali baino, hobe lukete indarkeria gaitzetsiko balute».
ETArentzako oharra
Bake eta konponbide prozesuaren alde ezker abertzaleak abiatu duen lan dinamikaz ere mintzatu da Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroa, El Mundo egunkariak argitaratutako albiste baten inguruan galdetu diotenean. Zehazki, kazeta horrek dio ezker abertzaleak Espainiako Estatuaren aurkako estrategia «gogortzeko» asmoa duela hurrengo hilabeteetan.
Barne ministroa, baina, zehatza izan da: ohartarazi du ETAk ez duela «ordain politikorik» lortuko desegiteko erabakia hartzen duenean eta Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak lanean jarraituko dutela erakunde armatua desegin arte. «Baldintzarik gabe» desegiteko eskatu dio Barne ministroak ETAri, beste biderik ez duela ohartarazita: «ETAk egin dezakeen gauzarik onena eta gehien komeni zaiona baldintzarik gabe desegitea da, onean edo txarrean». Fernandez Diazek argitu du «onean» bada ETAk aitortu beharko duela «garaitu» egin dutela, baina «txarrean» bada zuzenbide estatuak erakunde armatua desegitea lortuko duela auzitegien eta polizien jardunari esker.
Basagoiti: «Ezker abertzaleak ez du aukerarik PPrekin hitz egiteko»
PPko buruak dio ezker abertzaleak denbora daramala beraiekin harremanetan jarri nahian; «jai» duela ohartarazi dio, ordeaBarne ministroak esan du ETAk ez duela «ordain politikorik» lortuko desegindakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu