Politika

Basagoiti: "Inork ez nau baldintzatuko, ez Madrilen ez Gasteizen"

EAEko PPko presidente berriak dio "autonomia aski" daukala, asteburuko kongresuan lortutako babes handiari esker. "Ahalik eta elkarrizketa gehien" bultzatuko du, "deus hitzartzerik ez dagoenekin izan ezik".

2008ko uztailaren 14a
13:06
Entzun
Euskal Autonomia Erkidegoko Alderdi Popularreko (PP) presidente berriak, Antonio Basagoitik, gaur adierazi du "nahikoa autonomia" duela alderdian, asteburuan kargurako hautatu zuen kongresuan ordezkarien %82,3ren sostengua jaso ondoren. "Babes hori dudanez, indartsu sentitzen naiz, ilusioarekin, eta inork ez nau baldintzatuko, ez Madrilen ez Gasteizen", ohartarazi du.

ETBri eskainitako elkarrizketan buruzagi eskuindarrak azaldu du nahi duena egiteko "askatasunarekin" sentitzen dela; honela adierazi ditu nahi horiek: "Askatasuna lortzen saiatzea, herritarren interesak ahaztu barik, eta nire printzipioekin oso koherente izanik".

PPren baloreen defentsa eta "ahalik eta elkarrizketa gehien" uztartzearen alde agertu da Basagoiti. Herritarren bizitza kalitatea hobetzeko akordioak lortzearen alde ere azaldu da, "mundu guztiarekin, ezer hitzartzekorik ez dagoenekin izan ezik". ETAren indarkeria gaitzesten ez dutenei erreferentzia egin die horrela, inplizituki.

"Beste alderdi batzuek beti edukiko naute Abiadura Handiko Trenarena bezalako auziei aurre egiteko, baina ez naute edukiko partekatzen ez ditudan politiken konplize izateko: autodeterminazioa, independentzia eta Ibarretxe plana".

"Horretarako beti dute Patxi Lopez prest", zehaztu du Basagoitik, PSE Euskadiko Alderdi Sozialistako buruaz mintzo. Izan ere, "EAJrekin itunak egiteko interesatuta" ikusten du PSE.

PPko buruaren iritziz, EAJk "egiten duena baino gehiago" egin dezake "jendilaje hori" suntsitzeko, ezker abertzaleaz mintzo. Baina -zehaztu du-, "horrekin ez dut esan nahi EAJk ez duela terrorismoa bukatzea nahi".

Jeltzaleen egungo jarrerarekin, "oso zail" ikusten du Basagoitik PPk haiekin "sakoneko akordiorik" lortzea.

Euskara eta ustezko inposaketa

Euskarari dagokionez, hura "landu eta zabaltzearen alde" agertu da Basagoiti, "zenbait tokitan kultura eta komunikazio balore gisa mantentzeko"; "baina, funtsean praktikotik gutxi dauka, ezin delako munduko edo Europako ezein lekutara joan eta euskaraz hitz egin".



Basagoiti konbentzitua dago Euskal Herrian "gaztelania zokoratu" nahi dutela, euskara "politikoki dotrina ezartzeko elementu gisa" erabili nahi dutela argudiatuta. Hala, ohartarazi du "jendea euskara inposaketa gisa errefusatzen" hasi dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.