Goizero bezala, banaketa kamioiz betea zegoen Donostiako Konstituzio plaza; gaur, ordea, kazetari dezente ere baziren. Izan ere, Donostiako alde zaharreko plaza horretara hurbildu da PPren lehendakarigai Antonio Basagoiti, hamabost jarraitzaile ingururekin. Panel zuri bat margotuz hasi du ekitaldia Basagoitik, Gipuzkoako zerrendaburu Arantza Quiroga eta zerrendako bigarren Borja Semperrekin batera, "Euskadiren aniztasuna" irudikatuz. Quirogak azaldu duenez, pluraltasuna erakutsi nahi izan dute horrela, "ez dakit zein RH duen jendearen aurrean". Quirogak argitu du propio aukeratu dutela ekitaldirako lekua ere: "Konstituzioa da askatasunen esparrua, inoiz bizi izan dugun demokrazia aldirik luzeena ahalbideratu duena; denok hobeto bizi garen guztion etxea".
Basagoitik, berriz, EAJ, "Kataluniako bidea" eta independentzia izan ditu hizpide bere hitzaldian. PPko hautagaiak esan du itun bat egina dutela EAJk eta CiUk, "guztion Espainiaren haustura" lortzeko. Basagoiti ziur agertu da euskaldunen gehiengoak ez duela independentziarik nahi, bere esanetan, "haustura eta pobrezia" ekarriko baititu aukera horrek. "Orain, Urkullu da elkarbizitzarako eta krisitik ateratzeko mehatxua", esan du. "Mehatxu" horren aurrean, Basagoitik PP bozkatzeko deia egin die independentziarik nahi ez duten herritarrei. "Bestela, EAJ, Kataluniako bidea eta independentzia indartuko dituzue", ohartarazi du.