Basagoiti seguru dago udazkenean izango direla legebiltzarrerako bozak

Lopezek legealdia amaitutzat jo duela eta hauteskunde kanpaina «ofizialki» hasi duela iruditzen zaio Urkulluri

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
«Udazkenean hauteskundeak izango dira». Seguru dago Antonio Basagoiti PPren lehendakarigaia. Behin eta berriz errepikatu du bere blogean plazaratutako idazkian. «Udazkenean hauteskundeak izango dira, Patxi Lopezek dagoeneko ez duelako bozak aurreratzea beste aukerarik».

«Antzezteko garaia amaitzen ari da, kutxa publikoko dirua ere bai, eta harrapatuta duen bakardade politikoak epeak murriztera behartzen du», adierazi du Basagoitik lehendakariari buruz. «Jakina den eta espero den hauteskunde aurrerapen baten atarian gaude», PPkoaren ustez. Harenesanetan, Lopezek «kudeatzaile gisa duen ardura eta betebeharra aspaldi utziak dituenez, berehala etorriko den hauteskunde deialdia bere alderdi politikoaren interesei begira ahalik eta modurik errentagarrienean administratzea besterik ez zaio geratzen».

Gauzak horrela, mandatua modu «duin eta arduratsuan» amaitzeko eskatu dio Basagoitik; horretarako, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak datorren urteko martxoan egin beharrean aurtengo udazkenean egiteko.

Eta hala egingo duen esperantza du. Haren esanetan, Lopezek aspaldi erabaki zuen krisi ekonomikotik ateratzeko Espainiako Gobernuak ezarritako erreformei oztopoak jartzeko lana «lehentasuntzat» hartzea, eta, ordutik,«Euskadi gobernatzeko ardura gainetik kendu ezinik» ikusten du lehendakaria.

Gainera, «PSOEk beste behin ere huts egin» diola uste du PPkoak: «Lopezek dagoeneko ez du Rubalcabaren babesa ere». Haren esanetan, baztertu egin du alderdiak, eta «bakarrik» dago Lopez.

Beste arrazoi bategatik ere uste du bozak aurreratuko direla: Lopezek ez duelako euskal gizarteari aurkezteko proiektu alternatiborik, eta «egiten ez duena egiten duela irudikatzeko dirua amaitzen ari delako».

EAJren hautagaia ere bai

Iñigo Urkullu EBBko presidente eta EAJren lehendakarigaiak ere esan du iruditzen zaiola hauteskundeak aurreratu egingo direla. Horrek ere blog bidez zabaldutako ohar batean: «Patxi Lopezek hasiera ofiziala eman dio hauteskunde kanpainari, lehen mitina eginda». Atzoko agerraldia du horren erakusgarri. «Atrilarekin eta kanpainako lelo eta diskurtsoarekin aritu zaie herritarrei, duela bi aste etxe guztietan zabaldutako eskuorria irakurtzeko», adierazi du .

«Bere denbora amaitua duela» ere erakutsi du Lopezen hitzaldiak, Urkulluren ustez. Zerga sistemari buruzko ituna behar dela esateak «urtea bukatu eta aurrekontu sinesgarri batzuk aurkezteko nahikoa diru ez duela» frogatzen dutela. Bere ardurei ez diela heldu leporatu dio, eta «denbora amaitu» zaiola errepikatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.