Mezu berberarekin jarraitzen du Antonio Basagoitik, PPko lehendakarigaiak: «Kudeaketarako ari da botoak eskatzen Iñigo Urkullu, baina zatiketarako erabiliko ditu azkenean». EAJko lehendakarigaia begitan hartuta ari da kanpaina osoan Basagoiti. Urkullu eta independentzia asmoak. Galbiderako besterik ez litzateke izango Espainiatik banatzea, haren iritziz: «Ezin da onartu nazionalismoak eta independentziak etorkizuna hondatzea».
Basagoitik adierazi du horri aurre egiteko beharrezko dela botoa PPri ematea. Atzo, keinu gisara, PPren aldeko botoak utzi zituzten Donostiako portuaren inguruan.
Euskal Herri independentea bideraezina litzatekeela esan du behin eta berriro Basagoitik—pentsioak ezingo liratekeela ordaindu, besteak beste—, eta krisi garaia dela argudiatu du independentzia mahai gainean jartzea bera ere kritikatzeko: «Nahiko arazo badaukagu lehen ere, gatazka eta liskar gehiagorik sortu gabe».
EAJren asmoa hori da, PPren esanetan: «Urkulluk moderatu gisa aurkezten du bere burua. Ekonomiarako botoak eskatu, eta bere estatus politiko berrirako erabiliko ditu, edo erreferendumerako. Hori da kontsulta». Argi egoteko eskatu die boto-emaileei. «Gauzak garbi egotea nahi dut: jakinaren gainean egonda joan daitezela herritarrak botoa ematera».
Independentzia eta inposizioa parekatu ditu, gainera: «Botoa ematera dei egiten diet lokarririk eta inposatutako uniformerik gabe bizi nahi dutenei, beren emozioei, sentimenduei eta beste zernahiri uko egin nahi ez dietenei. Bozak aukera bat dira haientzat».
Independentziari aurre egingo diola iragarri du PPk. «EAJk, indartsu badago, subiranotasunera eta zatiketara joko du. PP indartsu badago, berriz, egonkortasuna, itxaropena eta erosotasuna izango dira». Botoa eskatu die beren burua «euskal herritar eta espainiartzat» jotzen dutenei. «Gehiengoa dira hori sentitzen dutenak», adierazi du.
«Galdutako» belaunaldiak
Ekonomiaz apenas hitz egin duen kanpainan PPk, eta, hitz egin duenean, independentziari ezetz esateko izan da. Berdin atzo ere: «Independentziak garatzeko itxaropenak zapuztuko lituzke, baita lasaitasuna eta gure irudi ona ere».
ETAk eginiko kalteen gisakoa sortuko luke independentziak, Basagoitiren arabera. «ETA pairatu behar izan duen belaunaldikoak gara. ETAtik libratzen ari garen honetan ez dut nahi nazionalismoaren irrikagatik beste belaunaldi bat galtzea». PPk ETAren aurka egindako jarduna jarri du berme, «nahiz batzuek azkar asko ahaztu duten hemen zer gertatu den». PPk salatu du kanpainako bi autori eraso zietela atzo.
Bilbon iluntzean egindako ekitaldian Alberto Ruiz-Gallardon Espainiako Justizia ministroak parte hartu zuen. Espainiako Konstituzioa une oro betearazi egingo dutela ohartarazi zuen. «Euskadi Espainian nahi dugu».
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Alderdien kanpaina
Basagoitik berriro esan du Urkulluren asmoa «zatiketa» eragitea dela soilik
PPk mezua berretsi du: EAJk «kudeaketarako» eskatu dituela botoak baina independentzia besterik ez duela nahi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu