Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak bilera egin dute goizean Gasteizen, ETAren erabakiaren osteko egoera aztertzeko, eta Basagoitik esan du orain "pauso seguruak eta lasaiak" eman behar direla.
Haren arabera, "terrorismoaren bukaera behin betiko egonkortzeko unea" da hau. "Etxea ez da teilatutik eraiki behar, Batasunari jokoa eginda presoen edo independentziaren eztabaidekin", esan du PPko buruak. "Askatasunaren eremu gehiago irabazi" behar direla deritzo, eta Lopezi proposatu dio antola dezala "askatasunari, demokraziari eta aniztasunari buruzko konferentzia edo biltzar handi bat".
ETAk lehengo ostegunean jakinarazi zuen jarduera armatua behin betiko utzi duela.
Lopez gaur PSE-EErekin ere bildu da, eta 18:00etan Aralar hartuko du. Ostiralean, berriz, ezker abertzaleko, EAko eta Alternatibako zuzendaritzakideak hartuko ditu, denak batera. Rufi Etxeberria joango da ezker abertzaletik, Pello Urizar EAtk eta Oskar Matute Alternatibatik. Urizarrek gaur esan du "arriskatzeko" eskatuko diotela Lopezi.
Jaurlaritzako lehendakaria astelehenean Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidentearekin elkartu zen. Urkulluk bilerara eskaera bikoitza eraman zuen: batetik, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak aurreratzeko aukera aztertzeko eskatu zion Lopezi —2009ko martxoan egin zituzten—, eta, bestetik, "salbuespenezko politikak" bertan behera uzteko Espainiako Gobernuari.
Urkullu bera gaur Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuarekin batu da, Madrilen.