Gogor eta zorrotz mintzatu zen atzo EAEko PPko lehendakari Antonio Basagoiti Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren eta PSE-EEren aurka. Patxi Lopezek eta PSE-EEko hainbat buruzagik azkenaldian egin dituzten adierazpenak sozialistak urduritzen hasi diren seinale dira, Basagoitiren ustez, eta urduritasun hori «PP Euskadin, indartzen hasi delako da».
Telebilbao telebista kateari emandako elkarrizketan mintzatu da gordin PSE-EEren aurka PPko burua. Basagoitiri ez zaizkio batere egokiak iruditu Patxi Lopezek Espainiako Ogasun ministroaren aurka esan dituenak: «Erabat konbentzituta nago, lehendakaria iparra galduta dabilela. Ministerio batek egindako proposamen bati hitz horiek erabili izanak erakusten du bere eginkizunetan ez dabilen morroi bat dela, egin behar duenean egon beharrean beste kontu batzuetan dabilela», adierazi zuen Basagoitik, eta lehendakariari «erakundeen zerbitzura» jarduteko eskatu zion.
Lopezen jokabidea PSE-EEren barruan kokatu zuen PPko buruzagiak, sozialistek, Basagoitiren hitzetan, «ez dakitelako non eta norekin sartu, ez baitakite non dauden ere». «Lehendakariak egun batean Foru Aldundiari aurka ekiten dio, hurrena Cristobal Montoro [Ogasun] ministroaren proposamen bati; gero, ezkertiarraren papera jokatzen du, eta hurrena, berriz, presoen alde ageri da», adierazi zuen.
«Minduta daude»
Basagoitiren ustez, hori dena ulertzeko aintzat hartu behar da PSE-EEn «minduta» daudela, PPk «lehen inorekin ez zuen akordiorik egiten, Euskadin txoko batean zegoen, eta orain guztiekin egiten ditu hitzarmenak».
«Orain, hitzarmenak egiten ditugu EAJrekin, eta hitzarmenak egiten ditugu PSE-EErekin; eta orain Eusko Alkartasunarekin hitz egiten dugu, eta gero Aralarrekin batzartzen gara», gaineratu zuen PPko buruak.
Haren ustez, «egoera berri» hori ez zaio atsegin PSE-EEri, «jeloskor dago», lehen «beraiek zirelako denekin hitz egiten zutenak, eta orain, berriz, PP dagoelako erdigunean, abertzaletasunaren alternatiba garelako». «Azken finean, Pastorri eta beste hainbati hazka egiten diezu, eta mindu egiten dira, PP alderdi irekia delako eta elkarrizketa bultzatzen duelako», esan zuen, eta ohartarazi zuen PP eta PSE-EE ez direla «Jaurlaritzako bazkide», eta babesa bakarrik ematen zutela Legebiltzarrean.
Basagoitik dio PSE urduritzen hasi dela PP indartu delako
Patxi Lopez «lekuz kanpo» eta «dagokion betekizunetik at» dakusala esan du EAEko PPko buruak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu