Basagoitik itun bat eskaini die EAJri eta PSEri, proiektu independentistaren aurrean

PPren proposamena inkesta eta hauteskundeei begira eginda dago, PSE-EEren ustez

Erredakzioa
Bilbo
2012ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
PPk «elkarbizitza bermatzeko» itun bat eskaini die EAJri eta PSE-EEri. Antonio Basagoiti EAEko PPko lehendakariak egin zuen eskaintza, atzo, Zuzendaritza Batzordearen bileraren ondoren. Proposamena ez da guztiz berria, joan den maiatzean, PPk Basagoiti lehendakarigai ofizialki izendatu zuenean, antzeko deialdia egin zuelako. Baina, oraingoan, formalagoa da, proposamena idatziz igorriko dielako Iñigo Urkullu EAJren EBBko lehendakariari eta Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiari. Proposamen honen atzean, Basagoitik berak aitortu zuenez, proiektu independentismoaren gorakada dago.

«ETAk armak utzi izana ezin da bilakatu proiektu independentistaren prestigioaren onerako», azaldu zuen Basagoitik. Datozen hauteskundeetan, PPren ustez, «ETAren proiektua indartu edo ez dago jokoan». «Ezin da indartu ETAren proiektua, ETAk tiroak egiteari utzi izana lortu ondoren, eta horrekin bat datoz EAJ eta PSE-EE; oinarrizkoa da», gaineratu zuen. Hori dela eta, Basagoitik itun bat egiteko proposatu die EAJri eta PSE-EEri, «demokrazia indartzeko». Basagoitik argitu zuenez, ez da gobernu itun baterako eskaintza, «baizik eta gutxieneko batzuk hitzartzea demokrazia eta egindako lana balioesteko».

Akordioak bi ardatz izango lituzke. Batetik, «herritarrek iritzia askatasunez adierazi ahal izatea», eta, bestetik, «proiektu bat ere, independentista izan edo ez, euskal herritarren aniztasunaren gainean ez pasatzea». Basagoitik inboluzio arrisku bati buruz hitz egin zuen. «Bildu eta Batasunaren proiektua ez da demokratikoa, ETAk beti defendatu duena da, derrigorrezko independentziarena».

PSE-EEren erantzuna

EAJk ez dio erantzun Basagoitik azaldutako eskaintzari. Baina PSE-EEk bai, Jose Antonio Pastor alderdiko bozeramailearen prentsa ohar baten bidez. Elkarbizitzarako oinarria jadanik finkatuta dagoela gogorarazi dio Pastorrek Basagoitiri. Oinarri hori Eusko Legebiltzarreko bake eta elkarbizitzarako lantaldeak finkatu duela dio PSE-EEko bozeramaileak. Akordio horretan EAJ, PP eta PSE-EErekin batera Aralarreko hiru legebiltzarkide ohi eta Ezker Anitzeko ordezkaria daudela nabarmendu du Pastorrek: «75 legebiltzarkideetatik 72».

Pastorrez iritziz, Basagoitiren proposamenaren atzean ez dago benetako konbentzimendua, baizik eta «oportunismoa». Diskurtsoa egokitzeko saio bat antzeman du Pastorrek PPren eskaintzan, «ziurrenik inkestei begira».

Udako atsedenaldiaren ondoren Basagoitik «itxurazko norabide aldaketa bat» egin duela uste du Pastorrek, Espainiako Gobernuaren neurriei «ñabardurak» jartzen hasi delako. «Non dago Raxoiren politikak zuzenak zirela zioen Basagoiti? Eta osasun arloa lehenik etxekoentzat zela zioena?», galdetu du PSE-EEko bozeramaileak. Bide batez, Arabako Aldundian zerga sistema bidezkoago bat bultzatzeko deia egin dio Pastorrek PPri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.